Zinema. Estreinaldiak

Estatubatuarrak defendatzeko sortua

Captain America Marvel etxeko komiki pertsonaia pantaila handira eraman du Joe Johnston zuzendariak

Captain America: The First Avenger filmeko eszenetako bat. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
AEBetako abertzaletasunaren ikur nagusietakoa da Captain America. 1941. urtean agertu zen lehen aldiz, Marvel etxeko komiki aldizkari batean. Garai latzak ziren, eta lehen azal horretan argi zegoen zein zen superheroi berriaren zeregin nagusia: bere herrialdea eta herritarrak defendatzea. Hori hala izanda, Hitlerri muturreko bat ematen zion lehen azal horretan.

Handik zortzi hilabetetara estatubatuarrak hasi ziren modu aktibo batez Bigarren Mundu Gerran parte hartzen, eta pertsonaia berriak segitu zuen marrazkien bitartez herritarrak babesten. Berehalako onarpena izan zuen Captain Americak; hala ere, benetako arrakasta hainbat urte geroago ailegatuko zitzaion.

1963an Marvelek The Avengers izeneko taldea sortu zuen. Hor ziren Iron Man, Thor eta Hulk, eta, horiekin batera, Joe Simon eta Jack Kirbyk bi hamarkada lehenago sortu zuten pertsonaia. Hortik aurrera milioika ale saldu dira bere abenturekin. Eta etsaia ere aldatuz joan da; 60ko hamarkadan komunismoa izan zen borrokatu beharreko mamua.

Joe Johnstonek lehen Captain America berreskuratu nahi izan du pantaila handirako. Horrela, 1941. urtean girotu du istorioa. Steve Rogers bere herrialdea defendatu nahi duen gazte estatubatuarra da, naziak borrokatu nahi ditu kosta ahala kosta, baina armadan ez dute onartuko. Azkenean, Chester Philips jeneralak esperimentu batean parte hartzeko aukera emanen dio. Horren ondorioz, superheroi bihurtuko da, gizaki izateari utzi gabe.

Hortik aurrera, AEBak defenditzea izanen da Rogersen eginbehar nagusia. Hydra izeneko erakunde beldurgarriari egin beharko dio aurre. Hydra naziek sortu duten erakunde sekretua da, eta haien buruzagia Buruhezur Gorria izeneko pertsonaia ankerra da.

Orain arte bigarren mailako roletan ikusi dugun Chris Evansen urrezko aukera izan da Captain America: The First Avenger, hura baita protagonista nagusia. Eta Captain America izaten segituko du aurrerantzean ere, hurrengo urtean estreinatuko den The Avengers pelikulan ere parte hartuko baitu Evansek. Haren ondoan, Tommy Lee Jones aktore beteranoa ikusteko aukera emanen digu Marvel ekoiztetxeak egin duen pelikula berri honek.

'CAPTAIN AMERICA: THE FIRST AVENGER'
Zuzendaria: Joe Johnston.
Aktoreak: Chris Evans, Hugo Weaving, Hayley Atwell, Sebastian Stan, Tommy Lee Jones, Stanley Tucci, Toby Jones.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 125 minutu.
Estreinaldia: Abuztuaren 5ean Hego Euskal Herrian, eta abuztuaren 17an Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.