Ari da jada pixkanaka Miarritzeko Big festibala bere tokia egiten udako musika jaialdien artean. Aurtengo aldia, laugarrena, gaurtik larunbatera egingo da, eta 40 artistatik gora bilduko ditu guztira. Atabal aretoan, Irati erakustokian eta Agilera estadioan egingo dira kontzertuak, eta antolatzaileek taldeen estilo eta jatorri aniztasuna nabarmendu dute. M83, De la Soul eta The Rapture dira jaialdian joko duten talde entzutetsuenak. Pete Doherty ere aritzekoa zen, kartelburua zen gaurko egitarauan, baina musikari britainiarrak azkenean ez duela joko iragarri zuten Big festibaleko antolatzaileek, herenegun. Izan ere, Doherty hainbat sendagai hartzen ari da, eta emanaldia bertan behar utzi du. Euskal taldeei dagokienez, hiru izango dira aurtengo aldian: Berri Txarrak, Audience eta Garamendi.
Iaz 16.000 ikusle bildu zituen festibalak —Mobyk, Alpha Blondyk eta Asian Dub Foundationek jo zuten, besteak beste—, eta aurten 20.000 ikusle baino gehiagorentzako lekua izanen dela aurreikusi dute antolatzaileak. Eremu jendetsuena, Agilerakoa, larunbaterako utzi dute. Gaur, Atabal aretoan, 20:00etatik aurrera, Audiencek, Stuck in the Soundek, King Charlesek eta Tomak joko dute. 25 euro balio du sarrerak. Bihar 20:00etan, Irati erakustokian, Izia, Berri Txarrak, Citizens!, La Femme eta Joe la Reina ariko dira. Sarrerak 45 euro balio du. Etzi, toki, ordu eta prezio berean, Birdy Nam Nam, The Rapture, Sebastien Tellier, Yuksek, Digitalism, eta Fueld Fandangok joko dute. Eta azken egunean, 19:00etan, De la Soul, Shaka Ponk, Joeystarr, M83, Skip the Use, Garamendi eta Thee Brandy hips arituko dira. 55 euro balio du sarrerak.
Estilo eta jatorri aniztasuna, Miarritzeko Big jaialdian
M83k, De la Soulek eta The Rapturek joko dute, besteak beste, laugarren aldian, gaurtik larunbatera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu