Ordurako lan handi batzuk filmatuak zituen —The Private Lives of Elizabeth and Essex (1939), Santa Fe Trail (1940), Yanqui Dandy (1942)...—, baina, hala ere, ez zuen garaiko beste zinema zuzendari batzuek zuten prestigiorik. Casablanca filma zuzentzera ere, 1942an, txiripaz ez baina errebotez ailegatu zen Michael Curtiz, William Wyler goretsiak uko egin eta gero. Hal Wallis ekoizleak Everybody Comes to Rick's antzezlanerako gidoia irakurri zuenean segituan pentsatu zuen zinemarako film aberkoi eta antinazi bat egiteko material egokia zuela esku artean, baina ez zuen espero askoz ere gehiago eman zezakeenik. Inprobisazioak gidatu zituen filmaketa eta ekoizpen prozesu guztia. Warner Bros estudioak Ann Sheridan eta Ronald Reagan aktoreengan pentsatu zuen aurrena pelikulako protagonista izateko, baina, azkenean, Humprey Bogart eta Ingrid Bergman izan ziren filmari beste dimentsio historikoago bat eman ziotenak. Michael Curtiz zuzendari zuela Hollywoodeko zinema klasikoaren paradigma argienetakoa bilakatu zen Casablanca. Orduz geroztik, filma ikusidutenek eta ikusi ez dutenek, guztiek dakite zerbait filmari buruz.
Filmak eman zion ordura arte eman gabeko ospea Michael Curtiz zuzendariari. Hala ere, gaur egun ere ez da zuzendari laudatuenen zerrendetan azaltzen direnetakoa. Estilo propio bat ez landu izana eta punta-puntako lanik ez zuzendu izana egozten diote kritikariek. Aldiz, oparotasuna, erregulartasuna eta genero askotako lanak sortzea aitortzen dizkiote, meritu nagusi gisa, jatorri hungariarreko zinemagileari.
Haren biografiako hainbat daturen egiazkotasuna ezbaian jartzen dute askok, berak esandakoetatik ateratakoa da, esaterako, 1886an jaio zela Budapesten, baina inongo agiri ofizialetan ez da ageri halakorik. Berak esandakoa da, halaber, 17 urte zituela etxetik alde egin zuela zirku batean lan egiteko.
Ezbaian jartzen ez dena da Mano Kertesz Kaminer izenez sortu zela mundura. 150 film inguru egin zituela ibilbide luze oparoan —urteko hiru filmatu zituen zenbait boladatan— eta 1962ko apirilaren 10ean zendu zela Hollywooden, minbizi baten ondorioz. Atzo bete ziren 50 urte haren heriotzatik.
Frantzisko Josef I.a enperadorearen Hungaria hartan hasi zen lanean antzerkiko ekoizle eta aktore moduan, baina 1912tik aurrera zinema industria austriar-hungariarreko protagonista nagusietako bat izan zen, eta 40 filmetik gora zuzendu zituen. Besteak beste, Sodom and Gomorrah (1922) zuzendu zuen garai horretan. Bere hastapenetan, M. Stiller eta V. Sjostrom Eskandinaviako maisuen eragin nabarmena izan zuen.
I. Mundu Gerran parte hartu ostean eta Alemaniatik igaro ostean, AEBetara joan, eta Warner anaiek kontratatu zuten, Paramount etxeari eta Cecil B. DeMilleren ekoizpenei aurre egiteko pertsona egokiena zelakoan. Hollywooden iraun zuen 50eko hamarkadara bitartean. 1926an iritsi zen AEBetara, eta 1928an Noah's Ark filmatu zuen, garaiko ekoizpenik handiena.
Mututik soinura, arazorik ez
Zinema mututik soinudunerako trantsizioa arazo handirik gabe egin zuen Curtizek. Hala erakusten du bere lehen film soinudunak, 1930eko Mammy-k. 30eko hamarkadan Warner estudioaren erreferentzia nagusia izan zen, eta Curtiz estilo moduko bat sortu zuen, nahiz eta adituek estilo jakinik ez izatea egozten dioten, hain zuzen ere. Aktoreen zuzendaritzan eta baliabide teknikoen kudeaketa egokian zuen indarra Curtizen jarduerak.
Gehienbat ekintzako gidoiak landu zituen, nahiz eta bestelako generoetan ere trebezia erakutsi zuen. Casablanca da horren adibide argiena. Errol Flynn aktorearekin harreman onegia ez zuela zioten garaiko kronikek; baina, hala ere, ia hamar filmetan egin zuten lan elkarrekin, Captain Blood (1935) eta The Adventures of Robin Hood (1938) dira bi adibide. The Sea Hawk (1945)edota Joan Crawford protagonista zela zuzenduriko Mildred Pierce melodrama dira Curtizen beste lan esanguratsuenetako batzuk.
Lau alditan izan zen hautagai Oscar saria jasotzeko… Captain Blood, 1936), Angels with Dirty Faces (1938), Yanqui Dandy (1943) eta Casablanca (1944). Azken horrekin lortu zuen sari bakarra.
Estilo zehatzik ez, estilo guztiak
Michael Curtiz 'Casablanca' filmaren zuzendaria zendu zenetik mende erdia bete zen atzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu