Estreinaldiei eutsiz

Hemengo eta atzerriko 22 konpainia izango dira BAD jaialdian urriaren 25etik azaroaren 4ra, eta zortzik lanak estreinatuko dituzteGaitzerdik Mallonako hilerrian aurkeztuko du 'Media vuelta', Santu Guztien Egunean

Nexo Teatroren La historia del Noctámbulo antzezlana ekoitzi du BAD jaialdiak. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Estreinaldiak dira BAD jaialdiaren ardatz nagusietako bat. Eta halaxe izango dira aurten «garai latzak izanagatik ere». Pre-BAD atala egingo ez duten arren, mailari eutsi egin diotela nabarmendu du Alicia Otxandategi programatzaileak. Urriaren 25tik azaroaren 4ra bitartean, hemengo eta kanpoko 22 konpainia izango dira antzerki eta dantza garaikideko Bilboko jaialdian, eta horietatik zortzik estreinakoz erakutsiko dituzte lanak. Nexo Teatroren La historia del Noctámbulo ekoitzi du BADek, eta beste bi lan euskaratzeko laguntzak eman ditu. Hartara, Beatriz Setienen Beatriz kantuka eta El canto de la cabraren Lur zapaldua ibiltzen duguna, bidea euskaraz ikusi ahalko dira.

Ricardo Padillak zuzendu du Nexo Teatrok jaialdirako berenberegi sortutako pieza. Inori ez zaio gustatzen ametsetatik esnatzea, baina ipurtargi batek gauaren erritmoa geldiaraziko du, ilunak ezkutatzen zuena desagerraraziz. Nia Acosta, Ana Clara Cuevas, Marina Aparicio, Maite Bayon, Jabier de la Ydalga, Iñaki Maruri eta Amaia Ajuriak eskainiko dute La historia del noctámbulo, Campos antzokian, hilaren 26an.

Abangoardiako antzerkia eta dantza sustatzea eta zabaltzea da BADen xede nagusia. Bide berritzaileak ibiltzea. Eta, alde horretatik, jaialdiaren neurrira eginiko antzezlana da Gaitzerdiren Media Vuelta. Mallonako hilerrian estreinatuko dute, Santu Guztien Egunean, hots, azaroaren 1ean. Hil ondotik bihotzek zein bide egiten dute? Galdera horren inguruan ondu dute lana Aritz Bengoak, Iñigo Marinek, Iñaki Marurik eta Maria Viaderok, Kepa Ibarraren zuzendariaren gidaritzapean. Erantzunean beharrean, hausnarketan sakondu egin dutela ohartarazi dute.

Metrokoadroka kolektiboak Bilboeszenaren bekaren bitartez sortzen ari den lana erakutsiko du La Merceden, hilaren 29an: Poza: Zergatik dantzatzen dute bosniarrek?. Edertasunak itxaropena sortzen duela sinetsita daude Metrokoadroka kolektibokoak, «horregatik egin ohi zaio kontra». Esperientzia lazgarri bat bizi izan duen norbait ikustea mozkortzen, dantzatzen, ahotsa kantu betean urratzen... Halako egoera baten lekuko denari barnean sortzen zaion egonezina da Metrokoadrokaren lanaren abiapuntua. «Izutzeraino gozoak diren uneak, hunkiduraraino ederrak diren krudeltasunak».

Javi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez, Oier Guillan eta Asier Sarasolak hasi dute Poza: Zergatik dantzatzen dute bosniarrek? lana sortzeko prozesua, eta bidean aurrera laguntzaile izan dituzte Maria de Bernardo, Corinne Cella, Alvaro Ledesma, Iñigo Ortega, Urko Redondo eta Noemi Viana. Hainbat ildo artistikoren arteko elkarrizketatik tiraka ari dira lanean, eta,diotenez, galdera batek beste batera daramatza, ezinbestean.

Akrobaziak, poesia...

Bilboko LaRessistens konpainiak ere BAD aukeratu du Fa en cuarta (La historia de un violonchelo con alma de mujer) estreinatzeko. Emakume baten istorioa kontatuko du Sandra Fernandez Agirre aktoreak, Marta Alvarezen zuzendaritzapean. Barnetik kontatuko du barnean gertatzen dena. Argi-itzalak agerian utziz, eta hutsik geratutako espazioak betetzeko borrokari ekinez.

Izan ere, denbora luzez bere burua erabat utzia izan ostean, barnean duen biolontxeloa esnatzeko gogoa piztu zaio, gustuko duen musika ostera ere entzun ahal izateko. «Helduentzako ipuin bat da»LaRessistensen obra. Erortzear den arima batez hitz egiten du, baina batez ere emakume batez (edo biolontxelo batez?), eta musikari batez (edo maitale batez?). La Fundicionen aurkeztuko du, hilaren 29an.

Arte eszenikoen arloan bat egiten duten diziplina guztiei egiten die tartea BADek, baita akrobaziei ere. Hala, Buruz Beherak Takoiak airean eskainiko du Bilborocken, hilaren 30ean.

Bestalde, Pulsiones SX-ek molde guztiak hautsiko ditu, Pabellon 6 aretoan hilaren 27an. Pornografiaren bestelako ereduak aztertuko ditu 1.2 Fasea. Pop porn ikuskizunean. Iazko maiatzean estreinatu zuen lehen partearen segida da. Barbarina Dar-darrek zuzenduta, pornografiatik postpornografiarako jauzia egin zuen orduan Pulsiones SX-ek. Egungo pornografiaren jatorria auzitan jarri zuen, generoen arteko mugei gaina hartuz, eta sexua praktikatzeko eta kontsumitzeko modu estereotipatuak eta heterosexistak hautsiz.

BADek euskaratutako Setienen Beatriz kantuka-k performancea izango du ardatz. Aurrez jorraturiko beste bi piezetan oin hartu du artistak; zehatz-mehatz, Joseph Kosuthen One and three chairs lanean, eta Frantziako abesti tradizionalekin osatutako obra batean. Setienek saio bi egingo ditu EHUren paraninfoan, hilaren 30ean eta 31n.

Gaztela-Mantxako El canto de la cabra konpainiaren Lur zapaldua ibiltzen duguna, berriz, Agus Perez BERRIAko antzerki kritikariak eta Julia Marinek ekarri dute euskarara. Obra poetikoa da. Elisa Galvezek eta Juan Ubedak aurkeztuko dute La Merceden, azaroaren 2an eta 3an.

Horretaz gain, sektoreko profesionalentzat lantegiak, hitzaldiak eta mahai inguruak egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.