Ordu erdi luzeko atzerapenarekin hasi zen kontzertua, 22:00 inguruan. Erlojuak aurrera egin ahala, eta Shakira irteten ez zela ikusita, urduritzen hasi zen jendea, txistu egiten, hankekin harmailak kolpatzen. Ez zuen asko behar izan Shakirak denak aztoratzeko. «Zuei gustu emateko nago hemen, nahi duzuen guztia egiteko. Zuen esanetara nago», esan, eta atoan konkistatu zituen.
Kilima berezi batek goitik behera zeharkatu zien gorputza. Iragan ostiralean Madrilen eman zuen kontzertuan hitz berberak esan zituela jakin arren, hunkitu eta hurrengo minutuak gogoangarriak izango zirela sentitu zuten Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazoka mukuru bete zuten 16.000 zaleek.
Arrosa koloreko soineko panpox batekin egin zuen agerraldia, publikoaren artetik irekitako pasabidetik emeki oinez, Pienso en tí baladaabesten zuen bitartean. Besotik heltzen zuten zenbait jarraitzailek, eta emozioz «Shakira!» oihukatzen, artista kolonbiarra horren gertu zutela ezin sinetsita, nonbait.
Leuntasun eta eztitasun hura ez zuen askorik luzatu Shakirak, berehala kendu zuen soinekoa, kolpe batez azkar, alderdirik basatiena erakutsiz. Praka beltz estuak eta urre koloreko top distiratsu bat jantzita, The Sun Comes Out disko berriko eta bere ibilbidearen hastapeneko kantuak tartekatu zituen,hala nola Te dejo Madrid, Si te vas,Whenever, wherever... BEC osoa lehertzeko puntuan jarri zuen dantzan.
Berarekin batera aldakak mugitzera oholtzara atera zituen lau neskak ere erruz mugitu ziren. Whenever, Wherever abestiaren erdian, aldakak nola astindu ikasteko erakustaldi txiki bat egin zuen «emakumeentzat bereziki». «Ezker-eskuin, barrura-kanpora, gora eta behera!». Gogotik saiatuta ere, ezinezkoa hari jarraitzea...
Gitarra hartu, eta bere abesti «gogokoenetako bat» ere jo zuen: Inevitable. «Gazterik konposatu nuen, Barranquilla ondoko hondartza batean, izarrez jositako zeru baten azpian».
Flamenkotik sabel dantzara
Munduko punta bateko eta besteko musikariek osatutako bandak gogotsu jardun zuen, eta maila egokiz erantzun zien artistaren estilo aldaketa guztiei. Pop baladetatik pieza rockeroetara jauzi egin zuen Shakirak, Gitana-rekin batera, flamenko estiloko lan bat ere zoragarri dantzatuz. Jantziak lauzpabost alditan aldatu zituen, eta oinutsik aritu zen gutxi gorabehera bosgarren abestitik aurrera, baita doinurik elektronikoenak dantzatu zituenean ere.
Sabel dantza erakustaldi bikaina egin zuen Arabic Song kantua ematearekin batera. Metallicaren Nothing Else Matters-ekin ere ausartu zen. Halaber, Love in the Time of Cholera filmeko musika interpretatu zuen, akustikoan. Abesti bi horiek bata bestearen segidan eman zituen, pieza bakar bat osatuz.
Beste modu batera izan ezin zitekeenez, Ciega, sordomuda ere eskaini zuen. Baita Donde están los ladrones?, La tortura eta She Wolf ere. Azken horrekin lurretik arrastaka ibili zen, ilea batera eta bestera astinduz, hortzak estutuz, izerdia eraginez, sentsualitate erakustaldi izugarrian.
Eta, nola ez, oraintsu argitara emandako diskoari tarte egin zion, pieza nagusiak besterik eman ez zituen arren. Sale el sol aurkezteko eginiko hitzalditxoan «edozer dela ere itxaropena ez galtzeko» deia egin zien jarraitzaileei. «Garaiak eta garaiak dauzkagu, egun guztietan ez gaude ondo, baina azkenean atera egiten da eguzkia». Gordita eman zuen, orobat. Eta jarraitzaileek erotzeraino abestu zuen Loca ere. Bis bakarra egin zuen, jendearen «beste bat» eta «otra más» eskarien ondotik. Hips Don't Lie-rekin BEC lehertzera zihoala zirudien, eta aurtengo Hegoafrikako Munduko Futbol Txapelketarako onduriko Waka waka-rekin zer esanik ez.
«Arriba España» bakarren batek ihes egin zion arren, oro har ez zuen aipamenik ez gorazarrerik egin munduko txapelketan garaile irtendako Espainiako selekzioaren inguruan, eta hartara, kolore bateko zein besteko zaleek dantzatu ahal izan zuten Waka waka famatua.
Jarraitzaile batzuek Kolonbiako banderak astindu zituzten harro, eta izan ziren ikurrina batzuk ere. Hain justu, musikarietako batek horietako bat hartu, eta bateria gainean paratu zuen.
Aurrez, Shakirak «Oso ondo Bilbao!» esana zuen, dantzan atera zuen nesketako bati «muy bien en vasco» nola esaten den galdetu ostean.
Eta gustu eman zuen...
Shakirak 'The Sun Comes Out' disko berriko eta bere ibilbideko abesti arrakastatsuak tartekatu zituen Barakaldoko BECen, herenegun eman zuen kontzertu gogoangarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu