Orduan, 13:00 aldera elkartuko gaituk, abenduaren 13an, Bilbon; Arriaga antzokiko gure jardunaren egunean bertan. Etor hadi hotelera, eta hitz egingo diagu. Zer irizten?». Horiexek izan ziren Enriqueri telefonoz entzun nizkion azkeneko hitzak, duela hilabete, ospitalera eraman baino egun batzuk lehenago. Hain ezustean harrapatu gintuen guztiok, oraindik ez baikara jabetu ere egin flamenkoari zer galera ekarriko dion. Ikasiz irakasten baitzuen Morentek. Flamenko kantaririk antzinakoena eta modernoena zen, antzinako eskolaren eta eskola modernoaren arteko lotura, nahiz eta horrek «nortasunik gabeko flamenko kantari» modura sentiarazten zuen. Abangoardiakoen artean ibiliagatik, ez zion uko egin klase kontzientziari. Cante bakoitzean arriskatu egiten zen, eta dena karta bakarrera jokatzen zuen modu anarkikoan. Telefonoa eseki orduko, ahotsean igarri nion zer-nolako adorea eman zion nire proposamenak: «Enrique, Euskal Herrian nabilek berriro, eta Gara-koentzat ari nauk lanean. Ea, agertu hadi, eta elkarrizketa bat egingo diat! Badakik, nahi duana…». «Ez zakiat jakingo duan», erantzun zidan, «baina duela hamar urte baino gehiago El Paquete-rekin eta Barberia del Sur-ekoekin kantatu nian Gara-k antolatutako kontzertu batean. Ezin hobeto tratatu gintiztean. Taldeko mutilei ulertarazi niean bertatik bertara eta nork bere larruan bizitzekoa dela Euskal Herrian gertatzen ari dena. Ari dituk pixkanaka-pixkanaka flamenkoa ulertzen lurralde horretan, eta bazakitek herriaren eta herriarentzako adierazpide bat dela. Laboa, ordea, hura bai erabateko pertsonaia, zoro buruargi bat. Akordatuko ez nauk, ba, hartaz…». Eta nik erantsi nion: «Izan ere, hire homologo euskalduna duk Mikel Laboa».
Besteak beste, eta batez ere, hauek izan dira politika kontzientziarik handieneko flamenko kantariak: Morente, Gerena, Menese, Carmen Linares eta El Cabrero. Flamenko kantari horiexek arriskatzen dute gehien beren hitzetan. Zentsurak galarazi egin zuen Miguel Hernandezi eskaini zion diskoa argitaratzea, flamenkora egokitua zekarrelako Hernandezen Andaluces de Jaen (Jaengo andaluzak) poema. Enriquek esatera, lan harexek bihurtu zuen flamenko-kantari gorri. Enriquek berak fandango batzuk kantatu zituen ETAk Carrero Blancoren kontrako ekintza armatua egin zuen gau hartan, eta, horregatik, eskuburdinak ipinita eraman zituzten kuartelera. «Ijitu-eiteko flamenko kantaria», hain zuzen, Antonio Chacon jaunaren, Aurelio Sellesen eta Matrona-ko Peperen ikasle nabarmena izan da; eta agertoki bera partekatu izan du hainbat flamenko-kantari maisurekin: Cadizko Periconekin, El Gallinarekin eta Juan Varearekin. Hark beti esaten zuen ahotsaren metala eta aienea nabari ohi direla lehen hotsak aditzen diren lekuan, horiexek geratzen baitira bizi guztirako iltzatuta. Egunak joan eta asteak etorri ziren, eta, elkartzekoak ginela gogorarazteko, hainbat aldiz deitu nion, baina alfer-alferrik. Banekien lanez lepo zebilela egun haietan, dokumental bat egiten ari baitzen Picassoren eta haren poesia ezezagunaren inguruan: Guern-Irak. Deitu eta deitu aritu nitzaion, baina ez nuen inolako erantzunik jaso. Gainerakoa badakigu denok; egunek aurrera egin ahala konturatu ginen sortzaile handi bat galdu genuela. Bitxiena da hotelean elkartzekoak ginen egun hartantxe hil zela, handik ordu batzuetara, Bilbon Arriaga antzokian egitekoa zuen emanaldia baino lehentxeago: abenduaren 13an, 13:00etan. Arin gerta bekio lurra. Hara agertu ginenotako bati baino gehiagori min eman zigun SGAEren Madrilgo egoitzan egotea hil kapera; baina, tira, une hartan azken agurra egitera bakarrik joan gintzaizkion, sorleku izan zuenean lur eman ziezaioten baino lehen. Granadan, Enriqueren alabak—Estrellak—, beso bat aita zetzan tokian pausatu, eta doinu lazgarri batzuk kantatu omen zituen bat-batean, hango giroaren samina esku ahurrez ukitzeraino. Jende asko bildu zen: artistak, flamenko kantariak eta pertsona ezezagun ugari; haren familiakoek une hartan behar zuten laguntza eta beroa eskaintzera joandakoak. Inguruko tabernak, berriz, eguzkitako betaurrekoz eta beroki beltzez gainezka zeuden.
Inguruko harresietako batean, norbaitek—Banksy flamenko bat izango balitz bezala— txantiloi eta esprai beltza baliatu zituen Camaron de la Isla ikaragarri bat margotzeko, hauxe esaka: «Kaixo, Enrique. Ongi etorri!».
Iritzia. Curro Velazquez-Gaztelu
Eta orain, Morente gabe, zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu