Modernitatea eta euskal mundua 1960ko hamarkadatik aurrera elkartu ziren literaturan, eta orduan «engantxatu» zen, Zalduak dioen bezala, euskal literatura literatura unibertsalaren trenera. Hortxe daukagu, besteak beste, Frantzian 50eko hamarkadan sortutako nouveau roman-aren eragina gure letretan, Saizarbitoriarengan guztiz nabarmena.
Euskal literaturak baditu, beraz, gutxienez bi ezaugarri garrantzitsu: bata, frankismoa bizi izan duen literatura izatea; bestea, literatura modernoaren berankortasuna. Bata ez da, ordea, bestearen arrazoi nagusia. Aldekoak bere Mendebaldea eta narraziogintza liburuan adierazten duen moduan, «euskal modernitatearen eta, honekin batera, nobelaren urruntasunaren arrazoia, euskarak oinarri linguistikotzat zuen gizarte motan kokatu behar da. Ez da egon gurean euskara bere kultur adierazpidetzat zeukan burgesiarik». Eta, gaineratzen du Aldekoak, «erlijioak eta didaktismoak areagotu egin zuten euskal nobelagintzari zerion anakronismoa».
Non egongo ginatekeen frankismorik bizi izan ezean? Ez da galdera samurra. Ez dakit Euskal Herria euskaldunago edo erdaldunago izango ote zen frankismorik bizi izan ezean, egia baita euskalzaletasuna bultzatu zuela zapalkuntza egoera hark, baina egia da, halaber, oinarri sendoak jarri zituela euskarak eremu batzuk gal zitzan. Gaur, ordea, euskal literaturaren bigarren ezaugarriari nahi nioke heldu.
Gorago esan dugu euskal literatura 1960ko hamarkadatik aurrera igo zela literatura unibertsalaren trenera. Eta gure sistemaren txikitasunean literatura unibertsala egin dezakegula erakutsi dute euskal idazleek, Saizarbitoriak, Atxagak, Canok, Uribek... Baina, literatura unibertsala egin beharraren beharraz, irudipena dut batzuetan ihes egiten diogula gure izaera propioa erakusteari.
Zalduak zioen idazle mediatikoak, gaur egun, idazle oso bihurtu nahi badu, idazle globala izaten saiatu behar duela; eta besteak beste, erdigune inperialistentzat idatzi beharko duela (jakinik sistemaren erdigunea Ipar Ameriketako Estatu Batuetan dagoela). Baina, jakina, kanpoko merkatuetan arrakasta izateko ez da nahikoa kanpoko obren kopiak egitea. Horretarako, «ekintza literarioa —dio Zalduak— eraman behar da aurrera jomuga atzerriko merkatuetan ipiniz («Act global»), baina betiere idazlearen jatorrizko lurralde eta kulturaren ondarearen elementu (ustez) tradizionalenetatik eta estereotipatuenetatik abiatuz («Think local»)».
Hain zuzen ere, euskal literaturaren munduan indartzen ari den joera horrek ematen dit beldurra. Zer geratuko zaigu periferietako irakurleoi? Zerk bihurtuko du literatura euskal? Euskal literaturan badago joera, batetik, munduan kokatutako lanak egiteko. Ez naiz, ni, joera horren kontrakoa, baina onartuko didazue bestelako lanak ere behar dituela euskal literaturak. Bestetik, bigarren joera batek tipismoetan oinarritzen du literatura, munduan euskalduntasuna ulertzeko erabiltzen dituzten topikoetan ardaztutako istorioak idatziz edota euskal gatazkaren gaia erabiliz, kanpoko esparruetan ere interes handia sortzen duena (azken joera horretan badago literaturaren autonomia aldarrikatu izan duenik ere).
Baina tira, zorionez, oraindik ere badugu topikoetatik urruntzen den eta euskal irakurleentzat idazten den literatura ere. Eta literatura horren aldeko aldarria egin gura nuke gaur, horixe baita, nire ustez, gaur egun euskal literaturak behar duen autonomia.
Eta jakina, badakit batek baino gehiagok gogorarazi nahiko didala euskarazko liburuen merkatua txikia dela, kanpoko merkatuetara jotzea ezinbestekoa dela idaztetik bizitzeko... ez du arrazoi faltarik izango. Baina kontua ez da euskal merkatuan soilik geratzea, baina bai hiru arrisku nagusi saihestea: lehena, uneoro erdiguneetako irakurleari begira idaztea; bigarrena, kanpoko merkatuetan lekua lortzeko gure izaerari uko egitea; eta hirugarrena, topikoetara jotzea kanpoko merkatu horietan lekua egiteko helburu hutsarekin.
Literatura. Hirudia
Eta orain, zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu