Donostia Europako kultur hiriburu izateak Euskal Herriari onik ekar diezaiokeela uste du Ramon Agirrek.
Euskal aktoreak ez al zarete bereziki uzkur eta diskretuak hedabideen aurrean, edo inpresio okerra da?
Baliteke. Posible da gure izaeran egotea lotsa hori, gero oholtzaren gainean galtzen duguna. Denboraren poderioz, konturatzen zara zure ofizioaren parte dela, eta saiatzen zara ahalik eta hobekien egiten, ez zeure burua saltzearren, baizik eta produktu edo obra bat saltzearren. Niri oraindik kosta egiten zait. Ez da nire ofizioko parterik atseginena.
Zure pentsamendu ideologikoa eta konpromiso politiko nahiz sozialak agertzeko ez duzu inoiz erreparorik izan. Norbaitek esango du kultura eta politika ez direla nahastu behar…
Bai, eta kirola eta politika, eta hizkuntza eta politika... eta zer ez da politika? Esan diezadatela zerbait politika ez dena. Beraz, horrekin erantzunda dagoela uste dut.Trintignanti berari euskalduna nintzela esan nion, eta erantzun zidan ea iraultzailea nintzen, sinpatiaz, eta erantzun nion «hortxe-hortxe» edo horrelako zerbait. Berak badauka euskaldunon berri. Antxon Ezeizarekin lan egin zuen, Las secretas intenciones filmean, 1969an.Hain zuzen ere, Ezeiza izan zen Hanekerekin eta Trintignantekin lan egingo nuela esan nion lehen laguna. Ederki poztu zen.
Donostiar petoa izanik, nola harrapatu zintuen 2016ko kultur hiriburuaren izendapenak? Aldatu al da zure iritzia udal osaketaren aldaketarekin?
Bai, aldatu da. Ez dut ukatuko horrelako proiektu bat dagoenean, dituen aukerekin, udaletxean nor egon, gehiago inplikatzeko prest nagoela. Proiektu horrek aukera asko dauzka, baina nola bideratzen den da gauza.
Zer eman diezaioke halako izendapen batek kulturalki hiri bati?
Ikusiko dugu zer ematen duen, baina ematen du gauzak ari direla definitzen. Esan dute euskal kultura zabaltzeko balio dezakeela. Nik nahi nuke Donostia traszenditzea eta Euskal Herria osoki kontuan hartzea. Ez dakit nola egiten den hori, baina badago jende burutsua, eta izan dadila Euskal Herriaren erakusleiho.
Telebistan ere badiharduzu egun, Goenkale-n, «foiletoi amaigabe» deitu diozun telesailean. Izango du ezer onik, bertan lan egiten baduzu ezta?
Dudarik ez izan. Egiten ditudan lan guztiak dira interesgarriak niretzat. Lan asko egiten da, oso entrenamendu ona da eta sekuentzia polit asko egiten dira. Aktore maila oso txukuna dago. Askotan ez dugu baloratzen.
Bai telebistan eta baita antzerkian ere, gaztelaniazko bertsioek sostengu gehiago dutela agerikoa da…
ETB atzeraka doa , eta azken asteetan gertatu diren zenbait gauzarekin oso kezkatua nago. Euskararekin duen jarrerak asko kezkatzen nau, eta beldur pixka bat badut. Galtzen ari da jatorrizko zentzua. Berreskuratu beharra daukagu; bestela, jai daukagu.
«ETBk euskararekin duen jarrerak asko kezkatzen nau»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu