Etenaldi bat bizitzan

'Where is my mind?' lana aurkeztuko du Fueradeleje dantza taldeak, bihar, Barañain auditorioan

Fueradelejeko lau dantzarien bizipenetan oinarritutako istorioak kontatzen ditu ikuskizunak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Fueradeleje dantza talde nafarrak Where is my mind? dantza ikuskizuna aurkeztuko du bihar, 20:30ean, Barañain auditorioan. Joan den abuztuan kalerako aurkeztu zuen ikuskizunaren moldaketa da, areto itxietan egiteko pentsatua.

Eszenografia, jantziak eta ikus-entzunezko proiekzioak berriak dira, baina ikuskizunaren arima berbera da: Pixies rock talde iparramerikarraren Where is my mind? (Non dut burua?) abestiaz baliatuz bizitzaren nora ezaz hitz egitea.

Euren buruari eta ikusleari galderak egiteko, ordea, hitzen ordez gorputza darabilte dantzariek: Non dut burua? Non daude gaztetako amets guztiak? Nola iritsi naiz honaino?... Une batez bizitza eten eta bakoitzak bizi duen uneaz gogoeta egiteko gonbita da emanaldia.

Asier Zabaleta koreografoarekin batera sortutako lanari Iñaki Fortun, Marisa Vera, Mirian Remirez eta Virginia Oroz dantzariek jarri diote gorputza eta mugimendua. «Kontatu egiten dugu antzeztu baino gehiago, lauron bizipenetatik ateratako istorioak baitira taularatu ditugunak».

Dantza garaikideko proiektu honek bi bertsio ditu: laburra bata eta luzea bestea. Kalerako emanaldiak 25 minututako iraupena du eta oinezkoaren konplizitatea bilatzen du. Antzoki eta auditorioetarako bertsioak, aldiz, 50 minutuko iraupena du eta hausnarketa bera zaindutako argiz eta bideo proiekzioz osatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.