Iazko gorabeheren ondoren, Cannesko Zinemaldia bueltan da. Thierry Fremaux zuzendariak agerraldi bat egin du goizean, 74. aldia aurkezteko. Jaialdia uztailera atzeratu dute aurten —maiatzean egin ohi dute—, baina, Fremauxek zerrendatu dituen izenak ikusita, ez dago zalantzarik: bere onenean itzuliko da. Dagoeneko jakina zen Leos Caraxen Annette film berriak irekiko duela lehiaketa, eta, baieztapen ofiziala falta zen arren, segurutzat jotzen zen Wes Andersonen The French Dispatch eta Paul Verhoevenen Benedetta ere Sail Ofizialean egongo zirela. Andersonek XX. mendeko Parisko erredakzio batean girotu du pelikula, eta Verhoevenek, berriz, moja homosexual baten istorioa kontatu du, XVII. mendean kokatua.
Sail Ofizialean dauden zuzendari batzuek irabazia dute lehenago Urrezko Palma. Jacques Audiardek Les olympiades aurkeztuko du, lau pertsonaiaren inguruko maitasun istorio garaikide bat. Nanni Morettik, berriz, Tre piani, bizilagun batek haren alabaz abusatzen duela uste duten gazte biri buruzko filma. Azkenik, Apichatpong Weerasethakulek Memoria erakutsiko du. Kolonbian filmatu du, eta Tilda Swinton da protagonista.
Beste hainbat zuzendarik ezagun dute Cannesko lehia, oraindik sari nagusia irabazi ez duten arren. Hor izango dira Bruno Dumont (Par un demi-clair matin), Asghar Farhadi (Un héros), Ryusuke Hamaguchi (Drive My Car), Mahamat-Saleh Haroun (Lingui), Justin Kurzel (Nitram), François Ozon (Tout s'est bien passé), Sean Penn (Flag Day), Kirill Serebrennikov (Petrov's Flu) eta Joachim Trier (Julie).
Sean Baker lehen aldiz ariko da Sail Ofizialean. Duela lau urte, Cannesko Zuzendarien Hamabostaldian aurkeztu zuen The Florida Project. Aurten, Red Rocket lana emango du. Mia Hansen-Love ere estreinakoz egongo da lehia nagusian, Bergman's Island filmarekin. Faro uhartera joandako zinemagile bikote bat da filmeko protagonista: Anders Danielsen Lie eta Mia Wasikowska; Ingmar Bergmanen bizitzan eta filmetan garrantzi handia izan zuen leku horrek. Nadav Lapidek Ha'berech aurkeztuko du; 2019an Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinen, Synonymes filmarekin. Horiez gain, lehen aldiz egongo dira: Nabil Ayouch, Haut et fort filmarekin; Catherine Corsini, La fracture-rekin; Julia Ducournau, Titane-rekin; Ildiko Enyedi, A geleségem története-rekin; Juho Kuosmanen, Hytti nro 6-rekin; eta Joachin Lafosse, Les intranquilles-ekin.
Entzute handiko izenak daude gainontzeko sailetan ere. Andrea Arnoldek Cow aurkeztuko du; Arnaud Desplechinek, Tromperie, Philip Rothen Deception nobelaren moldaketa bat; Charlotte Gainsbourgek, Jane par Charlotte opera prima; Todd Haynesek, The Velvet Underground taldeari buruzko dokumental bat; Hong Sang-sook, In Front of Your Face; Sergei Loznitsak Babi Yar. Context; eta Oliver Stonek, JFK Revisited: Through the Looking Glass.
Iaz, zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi zuten zer pelikula hautatu zituzten jaialdian parte hartzeko, eta, azkenean beste jaialdi batzuetan aurkeztu bazituzten ere, Canneseko zigilua eraman zuten. Horietako bat da Dea Kulumbegaxviliren Dasatskisi / Beginning, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea. Cannesek lehengora itzuli nahi du aurten, eta nabaritu dute iazko etena: urtero 1.800 pelikula inguru jasotzen dituzte aukeraketa egiteko, eta aurten hautaketa batzordeak 2.300 baino gehiago ikusi ditu. Spike Lee izango da epaimahaiko burua —iaz izendatu zuten—.
Atzo, zinemaldiak adierazi zuen Jodie Foster aktore eta zinemagilea izango dela irekierako gonbidatua, eta Urrezko Palma saria jasoko duela, «ibilbide artistiko bikaina eta nortasun paregabea» erakusteagatik.