'JAKIN' aldizkaria

Etenik gabeko aldaketa

Lorea Agirrek zuzenduko du 'Jakin' belaunaldi aldaketa dakarren aro berrian, hamalau laguneko talde baten buru dela. Bideoa: Ander Gartzia. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2113/[/Berriatb]

Juan Luis Zabala
2014ko maiatzaren 16a
18:44
Entzun

«Ohorea, ardura eta erronka» izango da Jakin Talde berria osatzen duten hamalau kideentzat Jakin-en gidaritza beren gain hartu eta duela 58 urte sortutako aldizkaria garai berriek eskatzen diotenari egokitzea, Lorea Agirrek, aldizkariaren zuzendari berriak, atzo arratsean talde berri hori aurkezteko Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egin zen ekitaldian adierazi zuenez. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariarekin eta Xabier Eizagirre erredaktore buruarekin batera, honako kide hauek osatuko dute talde berri hori: Haizea Barcenilla, Harkaitz Cano, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joanmari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua Uria, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors eta Eguzki Urteagak. Euskal kulturaren munduan «adituak eta arituak» dira denak, Joan Mari Torrealdaik ekitaldian esan zuenez. «Euskal kulturgintza eta herrigintzatik gatoz», adierazi zuen Lorea Agirrek. «Liburu tartetik adina ekintzatik, praktikatik. Taldean gatoz eta taldera gatoz».

«Gatozen talde honetara sartzea ohore bat da», Lorea Agirrek atzo azaldutakoaren arabera. «Esan beharrik ez dago, baina tokatzen da esatea. Jakin azken bost hamarkadetan gidatu dutenek, proiektua sortu, hazi eta sendotzeaz gainera, Jakin ezinbesteko erreferentzia bilakatu dute euskal kulturaren pentsamenduaren baitan. Militantzia lan profesional eskerga egin dute, militante eta profesionala, biak batera, biak gauza bera ez badira izan. Eta hori euskalgintzan beharrezkoa da. Bistan da ez dutela bide errazena aukeratu, jakitun sarritan bide zailena dela benetan merezi duena, beharrezkoena eta ederrena».

Ohore bat izateaz gain, «ardura bat» ere izango da aro berriko Jakin gidatzea taldeko kideentzat, zuzendari berriaren ustez. «Ardura, Jakin-ek iritsi duen mailari eustekoa, baina baita Jakin urrats bat aurrerago eramatekoa ere. Jaso duguna baino aitzinago kokatzea. Sendotzea, berritzea eta berrasmatzea. Hedatzea eta belaunaldi berriei ateak zabaltzea. Euskal kultura elikatzen jarraitzeko eta baita euskal kulturatik Jakin elikatzen jarraitzeko ere».

Pentsamenduaren beharra

Eta, horrez gainera, «erronka bat» ere bada hartu duten erantzukizuna. «Pentsamendua eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa den garaiotan, beharbada inoiz baino zailagoa delako pentsamendua jendearen begien aurrean jartzea».

Jakin-en zuzendaritza historikoari esker ona agertu zion Agirrek bere hitzaldiaren pasarte bat baino gehiagotan , hots, Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategiri. «Gu gatozenak gara, aurretik inork nora etorri lekua egin digulako», esan zuen, «eta zer da bada kultura besteari lekua egitea baino, orain dela ez hainbeste Koldo Izagirrek idatzi zuen bezala. Gatozenak gara bereziki nora etorri eta nondik aritu argitu digutelako, non gauden eta nondik ari garen. Izan ere, Maialen Lujanbiok behin esana parafraseatuz, ez dago hego edo iparrik nondik gabe, alegia nondik beti da zergatik galdetzea».

Talde berriak bere egingo ditu, Agirrek azaldutakoaren arabera, Jakin-ek bere 58 urteko orain arteko historian erakutsi dituen printzipio nagusiak: «zernahi euskaraz ematea; euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; kultura horrek modernoa, antidogmatikoa eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da, eta partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik aztertzeko obligazioa du».

Bost printzipio horiek «jauzi poetiko bat eginez lau hitzera ekarriz» osatutako esaldia zuen idatzia talde berriko kideek opari gisa zuzendaritza historikoko lau kideei eman zieten Ainara Lasak artistak egindako irudiak: «Hitza haize, jakintza aro». Talde berriek ere jaso zuten, gisa berean, zuzendaritza historikoaren oparirik.

«Esku eta buru berriak» izango ditu gidari aurrerantzean Jakin-ek, Torrealdaik adierazi zuenez, eta «pozgarria» da «etenik gabeko erreleboa» gertatu izana. Torrealdaik gogoratu zuen hiru atal nagusi dituela Jakin aldizkariak garai berrietara egokitzeko egin duen aldaketa prozesuak. Jakin Fundazioa sortzea izan da lehena, Jakin-en ondare guztia —hala materiala nola ez materiala— Jakin Fundazioaren «ondasun propio bezala» geratuko dela bermatzeko, «euskal kulturaren zerbitzuan», eta Jakin-en hurrengo belaunaldietako gidariek ere «identitate bereko printzipioak» manten ditzaten; bigarren aldaketa izan da webguneari paperezko argitalpenari baino garrantzi handiagoa ematea, «ez papera gutxiesten dugulako», Torrealdaik azaldutakoaren arabera, «baizik eta edizio analogikoaren kadentzia edo maiztasuna geldoegi gelditu zaigulako, bizirik eta gaurkoturik mantenduko bagara»; hirugarren aldaketa atzo aurkeztu zen talde berria eratzea izan da. Aldaketa prozesu horretan zer pauso erabaki aurretik arduradunek inkesta zabal egin zuten, eta euskal kulturaren munduko sortzaile eta eragile askoren erantzunak jaso zituzten, eta erantzun horiek aintzat hartuta egin dira aldaketa guztiak.

Ekitaldiaren gidoitik kanpo hartu zuen hitza une batez Joxe Azurmendik, zuzendaritza historikoko gainerako kideen izenean Joan Mari Torrealdairi 40 urtetik gora zuzendari lanetan egin duen lana eskertzeko eta zorionak emateko. Aldizkaria aurrera ateratzen eta hura gizarteratzen egin duen lanarengatik ez ezik «trantsizio eder hau bideratzen egin duenagatik» ere eman zizkion eskerrak eta zorionak Azurmendik Torrealdairi.

Jende ugari ekitaldian

Ehundik gora lagun bildu zuen atzoko ekitaldiak. Haien euskal kulturaren munduko jende ezaguna, hala nola, besteak beste, Beatriz Zabalondo, Martxelo Otamendi eta Iban Arregi (Berria Taldearen ordezkariak); Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko lehendakaria); Paul Bilbao eta Iker Salaberria (Kontseilua); Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntza), Mertxe Mujika (AEK), Nerea Mujika eta Jon Irazabal (Gerediaga elkartea), Joxemari Sors, Jon Jaka eta Mikel Esnal (Elkar); Aurelia Arkotxa, Mikel Zalbide (Euskaltzaindia); Marian Galarraga (Tinko elkartea); Aitor Kaltzakorta (EHE); Xabi Paya (Donostia 2016); Patxi Arrizabalaga eta Ramon Irazu (ELA); Juan Carlos Perez, Kepa Enbeita, Joxe Austin Arrieta, Laura Mintegi, Marian Beitialarrangoitia, Inaki Irazabalbeitia, Felipe Uriarte…

Erakunde publikoetako ordezkariak ere bildu zuen ekitaldiak: Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.