Eternitate bila

Agus Perez.
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Koreografoa: Maurice Bejart. Lanak: 'L'oiseau de feu', 'Sonate à trois', 'Ce que l'amour me dit'. Lekua: Viktoria Eugenia antzokia (Donostia). Eguna: urriak 16.

Agus Perez

Maurice Bejart koreografoaren handitasuna ezagutzeko parada dugu egunotan Euskal Herrian, eta berak Suitzan finkatu zuen konpainia hiru lanarekin agertu da Donostiako emanaldietan. Hiruretan izan dugu sortzailearen klasizismoaren berri, eta hiruretan antzeman da eternitate bila ibili izanaren arrastoa.

Stravinskik bere hasiera-aroan konposatu zuen L'oiseau de feu balleterako suitea, baina hala ere, agerikoak dira partituran konpositorearen ustekabeko ezaugarriak, eta Bejartek ere norabide epikoago bat eman zion jatorrizko kondairari, suzko txori hilezkorra jantzi proletarioko dantzariez inguratuz eta haien sublimazioa bihurtuz. Gauzak horrela, ballet klasikoaren teknika bikainak nolabaiteko kontrastea sortzen du koreografoaren ideia subliminal horrekin, baina aldi berean, bat dator Stravinski berritzailearen izpirituarekin.

Sartre eta Bartok

Sonate à trois hiruretan modernoena iruditu zaigu, hala jantzi eta planteamendu eszenikoagatik nola hiru pertsonaien arteko harremanen azterketagatik. Hala ere, 1957. urtekoa da, Bejartek beste biak baino ia bi hamarkada lehenago sortu baitzuen, harrigarriki. Haren inspirazio iturria Jean Paul Sartreren Huis clos antzerki-testua izanik, funtsezko eta ezinbesteko izatearen kategoria dute esaldi koreografikoek, keinuek eta jarrerek. Bela Bartoken piano eta perkusio musika artegagarria, bere aldetik, guztiz egokia suertatu zen bi emakume eta gizonaren izaera tormentatua eta hiruren arteko korapiloa girotzeko.

Azkenik, Ce que l'amour me dit hiru partetan banatzen da, Gustav Mahlerren hirugarren sinfoniaren hiru zatiren arabera, eta honetan ere nabariak izan ziren keinuen perfekzio eta zehaztasuna eta oinen punten gainean dantzatzeko maisutasuna. Bi solistek bikote-eboluzio delikatuak deskribatu zituzten hirugarren mugimenduko lied baltsamikoan bilduta eta, laugarren mugimenduko pasarte alaien ostean, edertasun gaindiezinezko eboluzio atletiko geldoak garatu zituzten konpainiako kideek eta bikote solistak, azken adagioaren betetasun giro malenkoniatsuan murgilduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.