Gaur gauean jasoko du Ethan Hawkek Zinemaldiko Donostia saria, eta galaren atarian, agerraldia egin du aktore estatubatuarrak hedabideen aurrera. Antoine Fuquak zuzendutako The Magnificent Seven filma aurkezteko baliatu du Hawkek Donostiarako bisita, eta hain zuzen ere, lan berriaren inguruan egin dizkiote kazetariek galdera gehienak. John Sturgesek 1970an zuzendutako western klasikoaren remake-a da Fuquaren filma -Sturgesena, era berean, Akira Kurosawaren Zazpi samuraiak pelikulan oinarritu zen-. Aurrekarien harira, lehendik egindako lan bat berregiteak presioa dakarrela onartu du Hawkek: "Beti dago presioa jendeak ezagutzen duen lan bat egiterakoan. Hamlet egiten baduzu jendeak gainerako Hamletekin parekatuko zaituzte". Edonola, lasai agertu da presio horren aurrean: "Banekien film ezberdin bat egingo genuela". Eta jarraian, txantxa egin du: "Izenburu bera erabili dugu, baina estudioak engainatzeko trikimailu bat izan da". Film korala da The Magnificent Seven, pertsonaia asko dauzkana, eta hain justu, lan kolektiboa nabarmendu du Hawkek, eta baldintza bezala ezarri, proiektu bati ekiterakoan: "Film bat egitea talde lana da; musika talde batean bezala, bakoitzak bere tresna jo behar du. Garrantzitsua da bestearen rola ez zapaltzea".
30 urtetako ibilbide profesionala aitortuko dio Hawkeri Donostia sariak. Tarte horretan, 50 film baino gehiagotan antzeztu du, eta zuzendari lanak ere egin izan ditu. Zentzu horretan, aktore lana "gero eta interesgarriagoa" bazaio ere, Donostiako Zinemaldira berak zuzendutako film batekin itzultzea gustatuko litzaiokela onartu du Hawkek. Gainera, film mota eta estilo ezberdinak egitearen alde agertu da, "oreka" mantenduta. Alde horretatik, film komertzialak zein independenteagoak uztartzeko nahia azaleratu du: "Arte populista eta arte pertsonala egin nahiko nituzke, orekan".
Era berean, AEBetako egoera sozial eta politikoaz mintzatzeko ere baliatu du Hawkek agerraldia. Arrazakeriaren auziaren aurrean, gaiaz hainbeste hitz egin baino aniztasuna azaleratzearen alde agertu da, eta horren adibidetzat jo du The Magnificent Seven filma, hainbat arrazetako pertsonaiak dituena: "Aniztasunaz hitz egiteko modurik onenetako bat jende ezberdina zerbait zoragarria egiteko batzen den film bat egitea da". Gainera, armen jabetza mugatzearen alde agertu da aktore eta zuzendari estatubatuarra.
Gainerakoan, Latinoamerikako egungo zinema goratu, zinema jaialdien funtzioa nabarmendu eta etorkizuneko erronkez aritu da Hawke, beste hainbat gairen artean.