Kaleetan, dendetan, museoetan, plazetan... Martxoaren 19tik 24ra bitartean artistaz beteko da Baiona. Izan ere, kultura bere ohiko esparruetatik ateratzea da Les Ethiopiques festibalaren asmoa, antolatzaileen hitzetan. Orotariko guneetara eramango dituzte horregatik kultur emanaldiak. 200 sortzaile bilduko dituzte aurten,laugarrengo jaian. Kontzertuak, dantzaldiak, performanceak, antzerkiak...
Betea izango da egitaraua, egunez egun. Astelehen arratsaldean izango da irekiera ekitaldia, baina goizez abiatuko da jaialdia, eta etenik ez du izango, kasik, larunbat gauera arte. Astelehenean, 17:00etan hasita, sortzaile korua arituko da, esaterako, kalean keinuei eta erritualei buruzko lan bat eskaintzen. Hamaika diziplinatako artistak, saio bakarrean.
Hori izango da hurrengo egunetan konstantea: nahasketa. Kely eskultorearen lanak izango dira ikusgai, baita Alberto Letamendi, Iñigo Altolagirre, Iker Valle eta Guanes Etxegarai margolarienak, eta Patxi Laskarairen argazkiak ere. Mixel Etxekopar musikaria, Itxaro Borda idazlea, Camel Zekri musikaria... Asteartean Emmausen nazioarteko eguna dela eta, Monica Passos musikari brasildar ezagunak eta Bernard Lubat eta Beñat Achiary musikariek saioa eskainiko dute.
Fannoni buruzko opera
Larunbatean, 11:30ean, Errobi bazterrean Franz Fannon pentsalariaren omenezko opera eskainiko du Bernard Lubatek zuzendutako musikari taldeak. Gauean amaituko da festibala, 21:30ean izango da itxiera jaialdia: jazza, elektro-dub musika eta slam poesia-saioak.
Datorren urtean Gerezien denbora deitutako hiri pastorala antolatzeko asmotan dira. Asmo hori azaldu dute, behintzat, ekimenaren arduradunek. «Pastorala komunitate baten bizi indarren ispilu zuzena da».
Egitarau osoa ikusteko, bisitatu webgune hau:
www.ethipioques.fr
Ethiopiques jaiak artistaz beteko du Baiona
Diziplina orotariko 200 sortzaile izango dira martxoaren 19tik 24ra bitartean Baionako kale, denda eta etxeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu