Argazkigintza

Etorkizunaren arrastoak orainaldian

Etzi hasiko da Getxophoto jaialdia, eta gizatasunaren etorkizunari buruz gogoeta egiten duten hamaika nazioarteko argazkilariren lanak bilduko ditu hilaren 29ra arte.

Artista eta idazle holandarraren entsegu honek ospetsu bihurtu ditu Nairobiko motor-taxiak, Boda-Boda bezala ezagunak. Ibilgailu bitxi horiek dira Kenia eta Tanzania arteko muga gurutzatzeko modu bakarra. JAN HOEK
Inigo Astiz
2019ko irailaren 3a
18:56
Entzun

“Ez gaude denbora galtzeko: kezkatzen gaituzten gaiei buruz gogoeta egiteko gaude”. Jokin Aspuru zuzendariaren esaldi horrek laburbil dezake Getxophoto jaialdiaren espiritua. Etzi abiatuko du hamahirugarren jaialdia, eta, hilaren 29ra bitartean, irudiaren bidez gonbidatu nahi ditu bisitariak euren bizitzetan eragin zuzena duten problemei buruzko gogoeta egitera. Horretarako jarri dituzte nazioarteko sona duten hamaika argazkilariren lanak Algortan (Bizkaia). Post Homo Sapiens. Etorkizuna programatzen leloa du aurtengo edizioak, eta, egindako hautaketarekin, besteak beste, begirada kritikoa sustatu nahi izan dute teknologia berrien eraginaz, gizatasunaren muga biologikoen hedapenaz, sare sozialetako jazarpenaz eta ekologiarekiko harremanaz.

Hamahiru erakusketa prestatu dituzte, guztira, eta, haien artean daude Mathieu Gafsou, Juno Calypso eta Anais Lopez artistei eskainitakoak. Kalean eta gune publikoetan jarriko dituzte irudirik gehienak ikusgai, eta, ondorioz, oraindik irekiera ofiziala falta den arren, dagoeneko ikusgai daude haietako asko. Herriko azoka kanpoaldean jarri dituzte, esaterako, Jan Hoek argazkilariak erretratatutako motor gidari futuristak, eta Ereaga hondartzara eraman dute hiru androide eta gizaki bat erakusten dituen Maija Tammiren erretratu sorta. Ez da erraz bereizten zein den zein, ordea, eta sortzaileak argazki bildumari jarritako izenburuak ematen du desafioaren neurria: Haietako bat gizakia da.

Gizakia, teknologiaren bidegurutzean

Monica Allende komisarioak egin ditu zuzendari artistiko lanak, eta, azaldu duenez, etorkizunaren arrastoen bila aritu da orainaldian. “Beti dut burua biharko egunean”. Transhumanismoaren ideiak aipatu ditu behin eta berriz aurkezpenean, eta teknologiaren bidezko gizakiaren hobekuntza amets duen joera filosofiko hori izan du gidari edizioa antolatzerakoan ere. Komisarioaren hitzetan, garapen teknologikoak bidegurutze baten aurrean utzi du gizatasuna, edo hondorantz edo gailurrerantz jo hautatu beharrean. “Teknologiak eman dezake aukera giza existentzia goratzeko, eta, era berean, erasan ditzake giza balioak”.

Deigarria da kontrastea, tarteka. San Nikolas plazako udal liburutegiko aterpean, esaterako: lau neska elkarrekin palan jokoan, dena indar, esfortzu, barre eta izerdi, eta, haien gainean, robot itxurako bederatzi tresnen erretratuak, eraikinaren aurrealdean zintzilik, dena kable, botoi, plastiko eta isiltasun. Eta, halere, dena dago lotuta, zeren eta, bizitza baita Reiner Riedler argazkilariak ateratako argazkien sakoneko gaia: zainak eta tutuak korapilatzen diren puntua da artistak erretratatutakoa.

Inpresio sakona utzi zion Riedlerri bere seme goiztiarrarekin ospitaleko zaintzen gelan emandako gauak, eta hortik sortu zitzaion osasun tresneriari eskainitako argazki serie hori egiteko ideia. Izan ere, giltzurrun dialisia egiteko makinak dira irudietakoak, arnasa hartzeko ekipamendu mekanikoak eta giza organoen lanak egiten dituzten makina artifizialak. Humanizatuta erretratatu ditu gailu batzuk, bisaia irribarretsu atseginez kasik, eta ezinago hotza dirudite beste batzuek, baina bizitza zaintzen dute guztiek, baita, liburutegiko horman zintzilikatutako azalpenak zehazten duenez, bizitza ulertu gabe ere.

Kutsadura ustez ikusezina

Jadanik abandonatuta dagoen gasolindegiko hormetan daude Masamichi Kagaya eta Satoshi Mori japoniarren lanak. Landareak ikus daitezke estolderiaren estalkietatik ernatzen, sastrakak hormetan gora eta armiarma sareak hornigailuak estaltzen, eta bertan artisten zuri-beltzeko bost irudiak. Oinetako bat, baloi bat, kasko bat, eskularru bat eta kamiseta bat. Erradiografiak dira guztiak, eta inozoak irudi lezakete irudiek, harik eta gasolindegiko hesian datorren azalpena irakurri arte: Fukushimako istripu nuklearreko partikulak dira irudietan ikusten diren argiguneak.

“Lan egiterakoan beti izaten dut gogoan zer sasoi historikotan bizi garen”, azaldu du Allendek. Eta kontzientzia hori izan daiteke aurtengo edizioaren ezaugarrietako bat. Diziplinen malgutasunarena izan daiteke bestea. Oraindik ere argazkigintza baita jaialdiaren oinarri nagusia, baina irekieraren aldeko aldarria egin du komisarioak aurkezpenean. “Zerbait organikotzat dut sorkuntza, ez dut uste instituzionaliza daitekeenik. Hil egiten dugu hori egiten dugunean. Kultura kutxetan sartzen dugunean, ito egiten da. Zailtasunarentzako eta sorpresarentzako espazioak sortu behar ditugu, zeren eta uraren parekoak baitira adierazpide batzuk, eta kutxen arteko zirrikitu horietan sartu eta hazten dira. Gune zurrunetan sartu daiteke kultura”.

Komisario aldaketa

Hiru edizio antolatzen ditu komisario bakoitzak jaialdian, eta azken urtea izango du aurten Allendek. Trantsizioari buruzko trilogia osatu du, haren hitzetan, eta pozik azaldu da egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin. Urteekin Getxon argazki zale komunitate bat sortuz joan dela uste du Aspuruk ere. “Nik esango nuke hori izan dela jaialdiaren lorpenik handienetako bat: lehen ez zegoen publiko bat sortu dugu. Urtero ikusten dugu hori. Gero eta jende gehiago dator. Talde hori 10.000 pertsona ingurukoa dela uste dugu, baina igual gehiago izango dira. Bada komunitate bat zain egoten dena gaia zer izango den, zein artista etorriko den...”.

Erakusketez gainera, jaialdiak iraun bitartean antolatzen dituzten hezkuntza jarduerak eta tailerrak ere nabarmendu ditu Aspuruk. Hainbat artistaren partaidetza izango duen osteguneko irekiera ekitaldia ere azpimarratu du, eta baita larunbateko bisita gidatua ere. Artistek bertatik bertara azalduko dizkiete beren lanak bisitariei, eta herri marmitakoa egingo dute ondoren Maria Kristina parkean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.