Begirada norabidez aldatzeko urtea da: mende erdia bete zuen iaz Durangoko Azokak, eta, talaia hori gaindituta, etorkizunari begira jartzeko ordua heldu da. Hori da erronka, behintzat, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez. «Pauso berriak eman nahi ditugu Durangoko Azoka erakusleiho osoagoa bilakatzeko». Iaz baino diru gutxiagorekin egin beharko dute hori, ordea. Mujikak zehaztu duenez, urteurrenari esker lortutako bultzada pribatua apaldu egin baita aurten. Ondorioz, iaz baino %10 txikiagoa izango da aurrekontua; 670.000 euro, zehazki. Eta pozik azaldu dira datuarekin Gerediaga elkartekoak. «Pozik gaude jasotako babesarekin; gure ereduari eusteko adinako aurrekontua dugu». Abenduaren 2tik 6ra ezarri dute zita, eta leloa eta irudia aurreratu dituzte. «Bizitzekoa DA!» izango da eslogana, eta Christine Etxebertz artistak sortu du kartela.
Kolore bizikoa da kartela, artistak azoka ere halaxe ikusten duelako. «Nire lanean Durangoko berotasuna eta pasioa islatzen saiatu naiz, hori baita niretzat azoka: dinamismoa, beroa eta bizitasuna». Berez, Baionakoa da Etxebertz, eta Kanbon bizi da egun (Lapurdi). Margolanak egiten ditu batik bat, eta hainbat sari jaso ditu haiei esker, baina, zehaztu duenez, eginak ditu kartel batzuk ere. Liburuak eta diskoak ikus daitezke Durangorako egin duen irudian, eta letrak eta alfabetoak ere txertatu ditu. «Elementu horiek kartelari osotasuna ematen diote», azaldu du. Karteleko irudiaz gainera, bere margolanak bilduko dituen erakusketa ere zabalduko dute azaroaren 17tik urtarrilaren 10era arte Durangoko Arte eta Historia museoan.
Azokako kartela egiten duen Ipar Euskal Herriko lehen sortzailea da Etxebertz, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, datua ez da debaldekoa. Izan ere, hamar urte beteko dira Gerediaga elkarteak EKE Euskal Kultur Erakundearekin hitzarmena sinatu zuenetik, eta pisu berezia izango du Ipar Euskal Herriko sorkuntzak urteurren horren aitzakian. Hain zuzen ere, hori izango da aurtengo nobedadeetariko bat, Mujikak zehaztu duenez. «Ipar Euskal Herriko sorkuntzari lotutako 30 ekitaldi baino gehiago izango dira, hitzaldi, mahai-inguru eta ikuskizunak kontuan hartuta».
Pozik azaldu da Mujika Durangoko eskaintza gazteengana ere heltzen delako. «Azokak 51 urte izan arren, itxura gaztea du». Eta orain aste batzuk Deustuko Unibertsitateak kaleratutako ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu froga modura. Izan ere, batez beste 37 urtekoa baita azokako bisitaria, azterketa horren arabera, eta 19 eta 26 urte artekoa jasotzen dituen hiru bisitaritik bat. Baina azokaren ateak are zabalago irekitzea da asmoa aurten, eta, Gerediaga elkartekoek azaldu dutenez, indar berezia egingo dute horregatik publiko gaztea eta bertan aurrez izan gabeko jendea erakartzeko. Esperientzia oso gisa aurkeztu die Mujikak azoka azken horiei, eta gonbidapen zuzena egin. «Etorri, ezagutzeak merezi du. Gozatuko duzue egunpasa etorriko zaretenak, zuen idoloak ezagutzera etorriko zarete, aspaldiko lagunak ikustera, opariak erostera, parrandan... Azokak guztientzako du plana».
Pozik azaldu da Mujika Ikasle Egunak izandako harrerarekin ere. Inoiz baino eskari gehiago jaso dituzte aurten. Guztira, 6.000 ikasle baino gehiagok eman dute izena abenduaren 2ko ekitaldietarako. Aurten, lehenengoz helduekin ere froga egiteko asmoa dute, gainera. Lehen eguneko arratsalderako antolatu dituzte haientzako tailerrak, eta, Mujikak azaldu duenez, «esperientzia pilotu bat» izango da, eta bertan parte hartzeko deialdi berezia egingo diete euskara ikasten ari direnei.
Komunitatea egitea
Azokak euskal kulturan duen zentraltasuna ere azpimarratu du Mujikak. «Ikusgarritasun eta prestigio handiagoa behar ditu euskal kulturak, eta Durangoko Azokak badu ikusgarritasunean zein transmisioan eraginik».
Kartelaren eta leloaren aurkezpenean izan dira azoka babesten duten erakunde nagusiak ere. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua bertan izan da, esaterako, eta Durangoko hitzorduaren garrantzia nabarmendu du berak ere. «Durango azoka bat baino gehiago da: bilgunea, topagunea, eta euskal kulturaren urteko zitarik garrantzitsuena. Kulturgileen eta herritarren topagune da. Negozioa egitea bezain garrantzitsua da komunitatea egitea. Eta denok eskertuko diogu horretan beste 50 urte ematea». Iazko diru laguntza kopuruari eutsiko dio aurten Eusko Jaurlaritzak, eta azokaren aldeko apustua berretsi du Uriartek bere hitz hartzean: «Bultzada hori ez da urteurren borobil baten distiraren argiak bezala itzaliko».
Elkarlanerako deia egin du Ana Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. «Ekimen pribatu eta publikoen arteko elkarlana da euskal kultura piztera heltzeko biderik onena». Eta azoka «oasi» bat dela esan du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak. Azokaren jarraikortasuna nabarmendu du berak. Etorkizunera begira jarri du zita. «Iazko urteurrena borobila izan zen, baina aurtengoa garrantzitsuagoa da, aurtengoak iraunkortasuna adierazten du, sendotasuna, indarra. Aurrerantz egiteko borondate itxaropentsua erakusten du».
Durangoko Azoka
Etorkizuneranzko azoka
Christine Etxebertz artista baionarrak egin du aurten Durangoko Azokaren kartela. Abenduaren 2tik 6ra egingo dute azoka, eta, iazkoarekin alderatuta, %10 txikiagoa izango da aurrekontua. [youtube]https://youtu.be/PZKfq168aQU[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu