En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrak bosgarren lana prest du: Ametsetan. Aurtengo abuztuaren 6an grabatu zuten zuzenekoa Gasteizko Foruen Plazan. Disko "zintzoa" dela azpimarratu dute gaur taldeko kideek aurkezpenean. Izan ere, azken hamabi urtetako ibilbidea laburbiltzen du lan berriak. "Lan osoa da, taldeak gehien definitzen duen proiektua", azaldu du Iñigo Etxezarreta abeslariak. Hamabi urteren ostean, "gelditu, atzera begiratu eta hausnartzeko" garaia zela esan du. Hala, taldeak bere buruari "omenaldia" eskaintzea erabaki du lan berriarekin, eta zuzenekoa grabatzearekin batera, taldearen istorioa kontatzen duen dokumentala ere egin dute. "Alde positiboak eta negatiboak kontatu nahi izan ditugu, musikaren munduko ikuspegi orokorra izatea garrantzitsua baita guretzat".
Zuzenekoaren CDa, bideoa eta taldeari buruzko 60 minutuko dokumentala abenduaren 6an aurkeztuko dituzte Durangoko azokan. Hortik aurrera, "aro berri bati" ekingo dio ETS taldeak, orain arte egindako musika estiloa ahaztu gabe, baina ezagutzen duten "konfort eremutik" irtenda. "Hamarkada luze baten ziklo bat itxiko dugu, gure ametsei puntu eta jarrai bat emateko".