Zinema

Ettore Scola zinemagile italiarra hil da

Una giornata particolare eta La famiglia-ren zuzendaria bere herrialdeko egile estimatuenetakoa zen

Ettore Scola, joan den urrian, Erromako Zinemaldian. CLAUDIO ONORATTI / EFE
mikel lizarralde
2016ko urtarrilaren 20a
12:20
Entzun

Matteo Renzi Italiako lehen ministroaren hitzek ondo adierazten dute Ettore Scolaren (Trevico, 1931) lanak utzi duen arrastoa: "Italiako kulturan hutsune handia utziko du". Scola atzo hil zen 84 urte zituela.

Scola Marc'Aurelio umorezko aldizkarian hasi zen lanean oso gazte zela, eta han ezagutu zituen Italiako kulturaren hainbat izen handi, Federico Fellini eta Steno, besteak beste. 1950eko hamarkadaren hasieran, berriz, zinemarako idazten hasi eta Italiako hainbat zuzendarirekin egin zuen lan, Dino Risi komediaren maisuarekin esaterako, eta baita Steno berarekin ere (Un americano a Roma, 1954).

1964an eta Vittorio Gassman aktorearen konplizitatearekin, zuzendaritzara egin zuen jauzi Se permettete parliamo di donne filmarekin. Gerora etorriko zion Il commissario Pepe (1969), Dramma della gelosia (1970) eta C'eravamo tanto amati (1974), beste batzuen artean.

Marcello Mastroianni izan zuen lagun eta lankide eta harekin nahiz Sophia Lorenekin egin zuen bere lan ezagunenetakoa izango zena, Una giornata particolare, faxismoaren itzalpean garatutako maitasun istorioa. La nuit de Varennes (1982), Casanovari buruzko filma, Le bal (1983) eta Splendor (1989) izan ziren bere filmografia luzeko beste une gorenetako batzuk. Bere azkeneko filma Che strano chiamarse Federico! izan zen, Federico Felliniren omenezko dokumentala (2013).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.