Fernando Aire Xalbador bertsolariaz gain, Pierre Bordazarre Etxahun Iruri omenduko dute aurten Xalbador Egunean. Urtero bezala, Urepelen izango dira ekitaldiak, Nafarroa Beherean, urriaren 18an eta 19an.
Txirularia, kantagilea, bertsolaria eta idazlea izan zen Etxahun Iruri zuberotarra (Iruri, 1908-1979), eta Xalbadorrekin hainbatetan aritu zen kantuan. Haren bertsogintza eta poesia zinez miresten zituela gogorarazi du Joxe Mari Iriondok, eta Xalbadorrek ere Etxahunen kantagintza hainbatetan goraipatu zuela gaineratu. Odolaren mintzoa-n idatzirik utzi zuen pasarte bat jarri du horren adibide: "[...] Baina baditu eginak kantu xoragarriak. Musika ere berak egiten badaki, eta horretaz bekaizti natzaio Xuberoako izarra den horri". Berak sortutako 107 kantu liburu batean bildu zituen Etxahun Irurik; haien artetik ezagunenak Agur Xiberua eta Oi ama Eskual Herria izango dira ziurrenik. Hamar pastoral ere idatzi zituen Irurikoak, Matalas eta Bereterretxe, besteak beste.
Urriaren 18an, larunbat arratsaldez ekingo diote ekitaldiz beteriko asteburuari. François Rossek eta Mixel Etxekoparrek kantaldia eskainiko dute iluntzean Urepeleko elizan, Transhumantzia izenburupean. Afaria izango da ostean, Mixel Etxekoparrek alaiturik.
Igandea izango da egun handia. Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia eginez emango diote hasiera egunari, eta meza egingo dute ondoren. Etxahun Iruriri buruzko hitzaldia izango da ostean, Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekoparren parte hartzearekin. Larraineko dantza ikusgarria, herri kirolen erakustaldia eta Etxahun Iruriri buruzko bideo emanaldia izango dira ondoren, eta Zuberoako kantariek alaitutako herri bazkaria jarraian. Arratsaldean, berriz, Ibai Kapo eta Joanes Etxeberria bertsolari zuberotarrek eskainiko dute emanaldia, eta haien ondotik ariko dira Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Juan Joxe Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi, gai-jartzaile Joxe Mari Iriondo dutela. Erromeria batekin emango diote amaiera egunari.
Azken hamaika urteotan bezala, Deiadar elkarteak antolatu du aurten ere Xalbador Eguna. Itxaro Betartek elkartearen izenean azaldu duenez, euskal nortasuna eta kultur ondarea bizirik atxikitzea izan dute sorreratik helburu nagusi. Ohar gisa, igandeko bazkarirako aurrez izena ematea komeni dela adierazi du, 0033 624 33 29 95 telefono zenbakira deituz.