Literatura

Etxamendi eta De la Cerda omendu ditu Sarako Biltzarrak

Urtero bezala idazleekin solastatzeko aukera izango dute gaur Saran (Lapurdi) irakurleek; baita, haien lana ezagutu eta erostekoa ere. Eñaut Etxamendi eta Alexandre De la Cerda dira aurtengo sarituak, sortutako "uzta literario aberatsagatik".

2010eko apirilaren 5a
12:23
Entzun
Idazleekin zuzenean eta lasaiki solastatzeko aukera, hara zer eskaintzeko asmoa duen berriz ere Euskal Herriko Idazleen Biltzarrak bere 27. jardunaldiaren karietara. Beti bezala, Sarako (Lapurdi) kiroldegian elkartuta daude gaur egun osoan, pazko asteleheneko besta egunaz baliatuz.

Bisitarien esperoan, idazleak nunbrean hurbildu dira, hasteko, ekimenaren antolakuntzan parte hartzen duten Sarako turismo bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak. Orotara 150 bat autore, tartean euskaraz idazten dutenak , baina ez bakarrik. Segurtatuak dituzte sariak ere. Aurten, Eñaut Etxamendi idazleari eman diote Biltzarraren Sarietako bat, «eskaini digun uzta literarioa ezinago aberatsa baita, eta euskal munduaren arabera ongi merezitua baitu". Arrazoi berengatik Alexandre De La Cerda kazetari eta idazleari eman diote baita ere sari hori.

Etxamendiri dagokionez, hain justu, idatzi guztien biltze eta berrargitaratze lanetan dabilen Maiatz aldizkari eta argitaletxeak bildumaren hirugarren liburua den Gilentegiko Gilen kaleratu berri du. Etxe beretik Pantzo Hirigarairen Poto lehen eleberria ekarriko dute baita azokara.

Jitekoak diren beste autoreen artean, Eneko Bidegain kazetari eta idazlea bere Gerla handia, muga sakona (Utriusque Vasconiae) liburuarekin. Henri Duhau idazlea ere izanen da, bere kontura kaleratu 200 bat argazkik aberasten duten Lapurdiko ihauteria eta mutxikoen pizkundea-ekin. Lan zientifikoa baino gehiago, «lekukotasun bat da. Talde arduradun baten gogoetak». Beti dantza kontu, Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldeak 50 urte betetzen dituela, Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartearen 50 errexeta (Hiria) aurkeztuko du. Urteurrena baita Lapurdi 1906-2009 elkartearentzat.

Beste urteurren bat ere gogoratuko du aurtengo Biltzarrak. De Lancrek gidatu sorgin ehizaren urte muga kari, antolatu ekimenak elkartu dituzte liburu Elkarrek atera duen liburu batean. Bertso saio, Nestor Basterretxearen eskultura, mintzaldi, denak daude bertan. Sar hitza Jean Louis Davant idazle eta euskaltzainak idatzi die.

Elkar argitaletxetik beti, Manex Erdozaintzi-Etxart Herriaren poeta Agurtzane Ortiz Lopetegik eraman lana ekarriko dute biltzarrera. Poetaren biografiaz gain, azterketa literario bat proposatzen du Ortiz Lopetegik. Eleberri berrien artean, Beatrice Urruspilek Gazteluma bekaren bidez kaleratu Gizaki Bakartiak hor izanen da Elkarrekin.

Euskaraz baina Hatsa argitaletxearen eskutik Auxtin Zamora olerkari eta idazleak Sara etxez etxe ekarriko du. Sarako etxe guztiak bildu ditu bertan, izena eta kokagunea zehaztuz. 1.000tik gora etxe orotara.

Euskaltzaleen Biltzarrak bere aldetik, Iraupenean etorkizuna du bere berritasuna. Elkarteak 2003 eta 2009an artean izan historia laburra bildu du, ekintza eta omenaldiak elkartuz.

Azkenik, Euskaltzaindiak hiru argitalpen izanen ditu astelehenean. Bata, Gratien Adema 'Zaldubi'ren Kantikak eta Prediku zenbait Hazparnen eginak (1854-1860) Henri Duhauk paratua. Jesü Kristen Imitazionea (1757) Martin Maisterren itzulpena, Jean Louis Davantek prestatua eta Birjina, edo donceil christaba, Jose Antonio Mujikak paratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.