Etxean, Hendaian, irabazi zuen Amets Arzallusek Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako Bertso Txapelketako bi finalaurrekoetatik lehena. Hazi gabe nagusitu zen, sekula behera egin gabe, beti zuzentasunik finenean eta, espero bezala, gainontzekoengandik gorago. Etxean aritzearen erosotasunen eta deserosotasunen artean, deserosoago aritu zen, agian. Aurreko txapelketan Luhuson egin zuen finalaurrekoaren estiloko saioa egin zuen, baina atzo etxean, ez zuen orduko hartan bezala saioa bakarkakoan Luhuson beste luzituta bukatu. Egindako saioak Arzallusen mailarik onenaren erakusgarri izateko balio izan ez arren, finalean sartzea lortu zuen Arzallusek.
Bertsoaldiak erabat josi gabe, ideia eta puntu politak zipriztinduz osatu zuten saioa Arzallusen ondoren sailkatu ziren Eneritz Zabaletak, Xumai Muruak, Maindi Muruak, Ortzi Idoatek eta Gillen Hiribarrenek, eta 300 lagunekin bete egin zen Varietes zinema. Donibane Garazin datorren larunbatean jokatuko den finalaurrekoaren ostean, finalaurrekoetako lau onenak sailkatuko dira finalerako, Donibane Garaziko irabazlearekin batera.
Ofizioetan, «arrantzaleak zarete biak. Amets, arrantza utzi nahi duzu», egoeraren gaineko jarrera Arzallusi bakarrik zehaztuta aurkeztu zion gaia Ihintza Ostolazak, Idoaterekin zortziko handian aritzeko. Ariketaren erdian abestu zuen Arzallusek ondoen arrazoitutako bertsoa, Idoatek beste zer egiten dakien galdetuta: «Gauza haundirik jakin ez arren / ikas genezake, tira. / Ezingo dugu bizia galdu / ortzimugari begira. / Arrantza igo dugu doblera /ta prezioak erdira / gure sakela ez da betetzen ta / ura husten ari da».
Zortziko txikiko Xumai Muruaren zipriztina izan zen, zipriztinen artean, irrigarriena. Hiribarrenekin aritu zen ariketa horretan. «Gillen, lanean hasi berria zara, eta gaur, Xumai nagusiarekin gertatu zara Hendaiako hondartza nudistan», zioen gaiak. Beignet saltzaile gisa zehaztu zuen rola Hiribarrenek, eta biluzik saltzea kontratuan ez zela kantatuz bukatu zuela aurrenekoa. Xumai Muruak beste hondartzetara joateko egin zion errieta, eta «hemengo bezeroek / sakelik ez dute» etorri zen zipriztina.
Bikotearen ahotik aritu ziren Zabaleta eta Arzallus hamarreko txikian. Urte franko zihoazen harremanean, eta Arzallusek beste bikote batekin truke egitea proposatuko zion errutina hausteko. Aurreko gai bati erreferentzia eginez proposamenaren ordez, talasoterapiara joateko proposatu zion Zabaletak Arzallusi. «Lasai ni han sarritan / lehen naiz egona / ta errutina galtzen / hasi da biona. / Txar bat dastatzen badut / orduan, zu ona. / Zuk ere maitatuko / zenuke gizona / sarri askatasunak / janzten du pertsona», erantzun zion Arzallusek. Proposamena onartu ez zuelako lorez lore joango zela argi utzi zion azken bertsoan, eta «abisatzen duena / ez da traidore», ohartaraziz josi zuen bertsoaldia.
Eguna helduta
Gai eta gaien planteamendu originalak izan ziren tarteka saioan; kartzelakoa, berriz, gai tipikoa izan zen: «Azkenean ailegatu da egutegian gorriz markatuta zenuen data». Maindi Muruarena izan zen kontakizunetan bereziena, lehen bertso honetan hitz bat erdibitu arren: «Nik ez dut mutil-lagunik / ez dut hartzen pilula / ta diskotekan ikusi / zuen nintzela ahula/ astindu ginuen dantza / toki gaineko taula / gau ero bat pasatzea / neskentzat ez da burla / hilabete bat pasa da / ta ezin disimula / hainbeste komunetara / e' naiz joan sekula».
Arzallusek antzokia bera izan zuen gai bere bizipenetatik. «Sei urte nituelarik/ bersu eskolan nintzen ari / ta bersulari ttipien / egun bat izan zen kari / lau oinekin kantatzea / emana zidaten sari / Varietes sala hontan / nerbioak bai ugari. / Begiratu berri diot / gure urtekariari / ta urriaren 20a / final haundiko atari / berriz ere ariko naiz / ene herrian kantari», osatu zuen lehen bertsoa.
Kutsu politikoa hartu zuen saioak ariketa puntuagarriez at azken agurretan Arzallusen eta Idoateren agurrekin. Arzallusek omenaldia egin zien errefuxiatuei: «ETAren historia da / hari bat Hendaiarako: / Hendaia, errefuxiatu; / Hendaia, GALek hildako. / Hendaia lekuko bat da / gure errelatorako / ta lekukoak baditu / berez bi esanahi gako: / lekuko da transmisio / ta lekuko bertako. / Keinu bat gure guraso / ta errefuxiatuendako / bi esanahiak izaten / asmatu duzuelako».
Finala zehaztuko duen bigarren finalaurrekoa datorren larunbatean izango da Donibane Garazin, eta Odei Barroso, Sustrai Colina, Maddi Sarasua, Maddi Ane Txoperena, Egoitz Zelaia eta Ramuntxo Christy ariko dira.
Etxean, hazi gabe, nagusitu
Arzallusek irabazi du Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Bertsolari txapelketako lehen finalaurrekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu