John Stanmeyer (Argazkilaria)

"Etxekoekin harremanetan egon nahi duen edonor izan daiteke irudikoa"

World Press Photo argazki lehiaketa irabazi du argazkilari estatubatuarrak.

Ilargi Agirre - Donostia
2014ko otsailaren 15a
11:37
Entzun

Umiltasun osoz erantzun die galderei telefonoaren bestaldetik John Stanmeyerrek (Illinois, AEB, 1964). Ezer gertatu izan ez balitz bezala. VII. argazki agentziaren sortzaileetako bat da Stanmeyer, eta azken hamarkadan National Geographic aldizkarirako lan egin du batez ere. 1998. eta 2008. artean, Afganistango gerran argazkilari gisa jardun zuen, eta Ekialdeko Timorko independentziaren borrokan, eta Indonesian Suhartoren erorketaren berri eman zuen, Time aldizkarian.

Nola hartu duzu saria?

Ohore handia izan da niretzat saria jasotzea, eta errespetu osoz hartu dut. Aitorpena sentitzea oso ederra da. Saria ez da niretzat bakarrik, denena da. Argazkian ateratzen den pertsonena ere bada neurri handi batean, beraiei esker komunikatzen baitu argazki honek komunikatzen duena.

Nola egin zenuen argazkia?

Gaua zen, eta hondartzan oinez nindoan, Djibutin. Eguneroko bizimodua islatzen zuten argazkien bila nenbilen, eta hilabete inguru neraman inguru hartan, batetik bestera bidaiatzen. Bat-batean gizon-emakume hauekin topo egin nuen, eskuak gora zituztela, eta itzultzaileari galdetu nion: 'Zertan ari dira hauek?'. Hark erantzun zidan Somaliatik iristen zen seinalearen bila zebiltzala, etxekoekin komunikatu ahal izateko. Horrek zirrara handia eragin zidan, luzaroan bainenbilen immigrazioari buruzko lan bat egiten. Etorkinen egunerokoa da etxekoekin komunikatu nahi izatea.

Zer adierazten du, zure ustetan, irudiak?

Espero dut gizateria kolektibo baten isla izatea. Zu izan zaitezke argazkikoa, edo ni. Etsita, etxekoekin harremanetan egon nahi duen edonor izan liteke irudikoa. Eta, oraindik ere, immigrazio kolektiboak planetan barrena barreiatzen jarraitzen du.

Zer da argazkiekin lortzen duzuna?

Komunikatzea da niretzat argazkiak ateratzea, komunikatzea da argazkilari baten helburua, nire ustetan. Errealitatea gure inguruan nola islatzen den transmititu ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.