Etxekotzearen mugak

Greta Alfaro, Dick Rekalde, Javier Muro eta Paco Polan artista nafarren obrak hartu ditu Uharteko zentroak

Inigo Astiz
Uharte
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Denboraldi berria hasi du Uharteko Arte Garaikideko Zentroak (Nafarroa). Euskal Herriko lau artistaren lanak jarri ditu ikusgai. Nafarrak dira laurak. Iaz Nafarroako Gobernuaren sorkuntza plastikorako laguntzak jaso zituzten hiruk: Greta Alfaro (Iruñea, 1977), Javier Muro (Iruñea, 1968) eta Dick Rekaldek, hain zuzen ere. Areto bana dute orain Uharten. Artista gonbidatu gisa, Paco Polanek (Iruñea, 1963) hartu du zentroko areto nagusia.

Eremu pribatuaren eta publikoaren arteko tentsioa ageri dute Greta Alfaroren lanek. Basatiaren eta etxekotuaren artekoa. Piztiaren gorazarre izenburua jarri dio bildumari. Bi bideok eta hainbat argazkik osatzen dute. Mahai bat da bideo horietako baten ardatza. Janariz eta edariz beteta dago, mendi paisaia baten erdian, baina jenderik ez du. Ahaztua dirudi, baina denbora batera putreak azaltzen dira, eta txikitu egiten dute ospakizuna bitxia. Paisaia elurtu batean ahaztua dirudien tarta bat ageri da beste bideoan. Basurdeak azaltzen dira hura jatera, eta, azkenean, ezin da jakin non hasten den esnegaina eta non bukatu elurra. Ezin zehaztu basatiaren eta etxekotuaren arteko muga.

Denbora da Javier Muroren bildumaren gai nagusia; haren hitzetan, baina, maiz ageri da etxearen irudia. Guztiz etxekotu ezin den etxe baten ideia, nolabait ere. Hainbat eskulturak eta argazkik osatzen dute, eta Nos mudamos du izena (Etxez aldatuko gara). Jostariak dira piezarik gehienak, ironikoak. Etxeko hondakinekin egindako ospitaleko aulki bat da eskultura deigarrienetariko bat. Argazkietan ere jolasa nagusi; estolderietako tapa bat etxeko egongela erdian, adibidez. Jorge Oteizaren itzala ere ageri da pieza batzuetan.

Hiriak oinpean

Nahaspila estetikoa du izena Dick Rekalde argazkilariaren erakusketak. Alemaniako rococo estiloko hainbat elizatako detaileak ageri dituzte argazki batzuek, eta Oteizaren eskulturak bi dimentsiotara murrizten ditu beste sail batean. Hainbat xafla berdez osatutako panel bat da beste piezetariko bat, ospitaleentzako berde mota ezberdinen katalogo moduko bat.

Paco Polanen Souvenirrak eta inportazioak erakusketan, paisaiak eta oroitzapenak dira nagusi. Mahai gainean irinez egin, eta gero argazkiaren negatiboa baliatuz, paisaia irrealen antza hartzen duten piezez osaturiko lanak daude, batetik; ezinezko mundu horien balizko biztanleei eskainitako argazkiak, bestetik, eta Made in Morocco izeneko alfonbra saila, azkenik. Mendebaldeko hainbat hiritako mapak ageri dituzte alfonbra horiek. Manhattangoak eta Bilbokoak, esaterako. Artistaren hitzetan, munduko edozein lekutan egonik ere, hiri horien gainean ibiltzeko aukera ematen dute. Postalen eta souvenir-en arteko zerbait dira, nolabait ere, haren lanak.

Lau artista horien lanez gain, Pedro Marco artista nafarraren mural bat ere jarri dute zentroaren sarreran, Kaos ordenatua izenekoa. Otsailaren 27ra arte izango dira erakusketa hauek Uharten.

Iaz egin bezala, aurtengo denboraldian ere, bestalde, Art Futura jaialdia hartuko du Uharteko zentroak. Azaroaren 4tik 7ra bitartean. Animazio digitalaren, komunikabide berrien eta bideojokoen inguruko jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.