Etxepare eta Cervantes institutuak, elkarlanean

Hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, «mundu osoan euskal kulturak eta euskarak presentzia sendoagoa» izateko

Caffarel, Urgell eta Goenaga, hitzarmena sinatu ostean, atzo. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Iazko irailean Madrilera joan ziren Etxepare Institutuko ordezkariak, Cervantes Institutukoekin elkarlanerako bideak aztertzeko. Bisita itzuli diete orain, eta lankidetza horren oinarriak finkatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Donostian Carmen Caffarel Cervantes Institutuko zuzendariak eta Aizpea Goenaga Etxepare Institutukoak. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen sinatze ekitaldian.

Oinarrizko hitzarmena da sinatutakoa, eta aurrerago zehaztuko dituzte elkarlanean bi erakundeek garatuko dituzten egitasmoak. Hala ere, akordioak lehen fruitua eman duela azaldu zuten: New Yorken euskarazko eskolak ematen hasi ziren herenegun, lehen aldiz. Hiri hori, Madril eta Bruselarekin batera, «estrategikoa» da Etxepare Institutuarentzat. Baina elkarlanean aukerak asko zabalduko direla, eta Berlin, Atenas, Chicago eta antzeko hirietara iristea posible izango dela esan zuten. Cervantes Institutuak ia 80 zentro ditu 44 herrialdetan.

Hitzarmenarekin euskarak eta euskal kulturak «presentzia handiago eta sendoagoa» izango dute munduan, Goenagaren esanetan. Haren ustez, bi hizkuntzen eta kulturen arteko «elkarbizitza, errespetua eta elkarlanaren seinale» da ituna. Etxepare Institutuak bere helburuak lortzeko «izaera moldagarria» behar duela esan zuen, eta ezinbestekotzat jo zuen «sareak osatu, konplizitateak eraiki eta elkarlana sustatzea».

Cervantes Institutuak, «Espainiako beste hizkuntza ofizialak» zabaltzeko ahaleginean, Europako hainbat hiritan euskarazko eskolak eskaintzen dituela gogorarazi zuen Caffarelek, eta azken hiru urteotan euskal kulturaren inguruko 119 ekimen antolatu dituela. Aurrera begira lan hori Etxepare Institutuarekin zehaztuko dutela esan zuen, eta datozen hilabeteotan egingo dituzten ekimenen berri eman zuen, tartean, Damascon Eduardo Txillidari buruz izango den erakusketa eta Bordelen egingo den euskal film laburren erakustaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.