Etxepare institutuak 800.000 euro erabiliko ditu Euskal Herriko kultura nazioartean zabaltzeko. Diru laguntzak bi ataletan banatu ditu institutuak. Laguntzaren zati bat, 370.000 euro, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta literatura 2012. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko erabiliko dute, eta beste zatia, berriz, 149.000 euro, nazioartean merkatu izaerarekin antolatutako azoka eta jaialdi profesionaletan parte hartzeko.
Institutuaren aurrekontuaren %30 bideratu dute aurten kultura hedatzeko. Gainera, aurtengo deialdiak berritasun bat dakar musikaren arloan; izan ere, euskal musika nazioartean zabaltzeko interes berezia duten jaialdi, azoka edo gertakizunetan kontzertu bat eskaintzeko aparteko atal bat sortu dute.
Lehen aldia da diru laguntzak bi ataletan banatu dituztena. Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendariaren arabera, eskaera prozesua errazteko banatu dituzte. «Prozesua malgutzeko eta eskaerei azkarrago eta zorrotzago erantzuteko egin dugu banaketa».
Kultur eragileen adostasuna
Goenagaren esanetan, bai diru laguntzen kopurua eta baita banatzeko modua ere, kultur eragileen onespenarekin adostu dituzte: «Gogoeta sakon baten ondorioz erabaki dugu aurtengo diru laguntzaren kopurua eta kudeatzeko modua. Eragile kulturalekin batera hartu ditugu erabakiak».
Etxepare institutuak iaz hartu zuen bere gain Euskal Herriko kultura hedatzeko diru laguntzen kudeaketa. Aurretik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustapenerako Zuzendaritza arduratu da laguntza horietaz. Institutuaren arabera, eskabideak bi epetan aurkeztu ahal izango dira, musika kontzertu berezien modalitatean salbu: lehen epea apirilaren 30a arte izango da, bigarren epea uztailaren 16tik irailaren 14 arte eta musika kontzertu berezien atala, berriz, ekainaren 8a arte.
Etxepare institutuak 800 mila euro jarriko ditu kultur hedapenerako
Nazioartean Euskal Herriko kultura zabaltzeko eta jaialdi eta azoketan parte hartzeko erabiliko dute dirua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu