Etxera itzultzea entzumenaren bitartez

Samir, Wissam eta Adnan Jubran laute jotzaile palestinarrek osatzen dute Le Trio Jubran taldea, eta beren herrialdeko musika munduan zehar eramaten dute, diasporara, instrumentu hori erabilita; lautea, hain zuzen, oso lotua dago Palestina askatzearen aldeko kausarekin.

Samir, Wissam eta Adnan Jubran anaiek osatzen dute Le Trio Jubran hirukotea. BERRIA.
Beirut
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Nahi gabe bada ere, Le Trio Jubran taldeak doan lekura doala eramaten du Palestina. Nazareteko hiru anaiak osatzen dute taldea, eta munduko toki askotara eramaten dute beren herrialdea, han milaka palestinar izaten baitituzte zain, gogo handiz. Samir, Wisam eta Adnan musikariak dira, eta bost kontinenteetan ibiltzen dira, asmo bakar batekin: ikus-entzuleei lautearen soinua oparitzea. Baina antzinako instrumentu horrek Palestinaren aldeko kausarekin duen loturak eta lur galduaren nostalgiak Palestinaren aldeko oda bilakatu dituzte haien kontzertuak.

Le Trio Jubran taldeko kideak Palestinako laute jotzaileen familia bateko laugarren belaunaldia dira, eta haien historiak hunkitu egiten ditu jarraitzaileak. Harago eraman dute oinordetzan jasotako jakintza, eta zeharo irauli dute musika tresna hori erabiltzeko eta hautemateko modua. Haien hiru lauteak dira kontzertuetako elementu nagusia, eta bateria batek eta biolontxelo batek sotilki lagunduta aritzen dira. Anaien konposizioek bide gozo baina tentsiozko batetik eramaten dituzte ikus-entzuleak; aldi berean, argi-itzalen jokoak giro oniriko bat sortzen du, eta, haren bitartez, ikus-entzuleek —palestinarrak maiz— hurbilago sentitzen dute Palestina.

«Aintzat hartu behar da litekeena dela haiek inoiz ez egotea berriz Palestinatik hain gertu», esan dio BERRIAri Samir Jubranek, atsekabez —elkarrizketa azken asteetan izandako erasoak hasi baino lehen egina dago—: «Kontzertua bukatzean, ametsa beteta itzultzen da etxera jendea: Palestinan bizitzea izan liteke amets hori, edo besterik gabe bisitan joan ahal izatea». Jubran anaietako zaharrenak dio giro oso ona sortu zela Tunisian eta Beiruten emandako kontzertuetan, hain justu taldeak nazioartean egindako azken emanaldietan. Haren hitzetan, Libanokoa berezia izan zen.

Palestinako Errefuxiatuen Aldeko NBEren Agentziak antolatu zuen, Libanon egitekoak dituzten proiektuetarako dirua biltzeko. Herrialde horretan bizi diren ehunka mila palestinarrak norenik gabeko lur batean geratu dira: Libanoko Gobernuak modu proaktiboan baztertzen ditu Libanon bizitzen geratu ez daitezen, eta Israelek ez die uzten sartzen. Babesik ez dutenez, pobreziara kondenatuta egoten dira maiz: ghettoetan bizi behar izaten dute, nekez bizi ere, oinarrizko zerbitzurik ere gabe eta osasunerako kaltegarriak diren baldintzetan eta talde humanitarioek baino ez dituzte zaintzen haien hezkuntza eta osasun eskubideak. Beiruten errefuxiatu palestinarren zenbait esparru daude, etahiri hartan egindako kontzertura joandako askok txiki-txikitatik izan dute oraindik Palestina deitzen dioten horretara bueltatzeko irrika, autoz ordubetera badaukate ere. Nazaret, gaur egun Israel iparraldean dagoen hiria eta Libanoko errefuxiatu askoren jatorria, agertokiaren gainean eta azpian zegoen.

Lotsatik harrotasunera

Samir Jubran erreferentzia musikalez inguratuta hazi zen. Heldutasunera iristear zela, haren esanetan, bi laute jotzaile izan zituen inspirazio iturri, besteak beste: Farid al-Atrax egiptoar-siriarra eta Munir Baxir irakiarra. «Orain harrigarria dirudi, baina, artista horien gaineko interesa agertu aurretik, Elvis Presleyren kanta guztiak ikasi nituen; hura bezala dantzatu ohi nintzen».

Samirrek 35 urteko ibilbidea egin du musikan, eta haren ausardiaren lekuko da hark utzitako legatua. Etxean, aukera argitzat zeukan laute jotzaile izatea lanbidez. Kalean, Presley bezala dantzatzen zen gazte horri kosta egiten zitzaion aitortzea 5.000 urte zituen musika tresna bat jotzen zuela. «Lotsa ematen zidan gelako neskei hori esateak», gogoratu du, irribarrez: «Gitarrak zeuden modan orduan». Gaur egun, irabazitako borrokatzat jotzen du bere ibilbidea. «Ezin duzu imajinatu zenbat eta zenbat gazte ari diren lautea jotzen ikasten Palestinan eta Kairon».

Lautea ulertzeko modua ere aldatu du Samirren abentura musikalak, lehen akonpainamendurako tresnatzat jotzen baitzen. Abeslari batzuek jarrera «diktatoriala» hartzen zutela-eta, haiek gabe aritzea erabaki zuen: «Batzuek aginduak ematen dituzte musikaz ezer jakin gabe; beraz, hauxe pentsatu nuen: 'Zergatik ezin naiz ni neu izan agertokiko izarra, nire instrumentua erabilita?'». Bera izan zen Palestinan bakarkako kontzertu bat eman zuen lehen musikaria, eta uste du bere diskoa dela arabiar munduan inoiz egin den lehen disko instrumentala. «Lagunek barre egiten zidaten», azaldu du, irriz: «Esaten zidaten: 'Zer esan nahi duzu? Ordubeteko kontzertu batera joan behar dugula, zertara eta instrumentuak besterik ez entzutera?'».

Samir Jubranek, hiru anaietako zaharrenak, bakarka hasi zuen ibilbidea. Gero batu zitzaizkion Wisam eta Adnan, agertokian musika tresna hori behar bezala jotzen ikasi zutenean. Samirrek bakarrik jo ez zuen lehen aldia Parisen izan zen: erdiko anaiarekin eman zuen kontzertua, 1996an. Entzuleek estimatu egin zuten bi musikari eta anaien arteko lotura estua. Hain zuzen, Adnan proiektura batu aurretik biek elkarrekin argitaratu zuten lehen diskoari Tamaas deitu zioten: hurbiltasuna esan nahi du.

Musikariak, ez heroiak

Le Trio Jubraneko kideak palestinarrak direnez, prest daude horrek dakarren militantzia bere gain hartzeko. 1994an Mahmud Darwix poeta palestinar ospetsuarekin kontzertu bat eman ondoren, Samirrek erabaki zuen Palestina atzerrian aurkezteko apustua egingo zuela: «Okupazioaren kontra erresistentzia egiteko gure modua da».

Asimilazio identitarioko garai baten ondoren sortu zen taldea. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, eskualde osoko zenbait artista, hala nola Um Khultum eta Asmahan, Jerusalemera joaten ziren beren lanak grabatzera; beste batzuk, berriz, arabieraz ondo ahoskatzen ikastera. «Baina hori Israel sortu aurretik gertatzen zen», esan du Samirrek: «Gero, Golda Meir-ek [Israelgo laugarren lehen ministroak] guri arabiar israeldarrak deitzera behartu zuen jendea. Hala, kendu egin zigun gure nazioaren izena. Are, falafela bera ere Israelgo plater nazional izendatu dute», salatu du.

Beren herrialdearen alde aritzea eta normal tratatu ditzatela aldarrikatzea ez dira bateraezinak. «Musikari gisa tratatuak izatea merezi dugu, eta ez soilik politikaz hitz egin behar duten palestinar gisa», argudiatu du. «Ez dugu nahi inork txalo egiterik biktimak edo heroiak izateagatik, baizik eta gure musikagatik», esan du segidan. Bitartean, propio egiten ez badute ere, Le Trio Jubran taldekoek Palestina mundu osora eramaten segituko dute aurrerantzean ere. Eta Palestina beren buruarentzat ere sortzen: «Noan herrialdera noala, agertoki gainean nagoenean, sentitzen dut toki txiki hori nire lurraldea dela, nire musikaren eta nire identitatearen bitartez sortutako lurralde bat», aitortu du Samirrek. «Tarte batez, lurralde hori Palestina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.