Zinema. Estreinaldiak

Etxetzarreko mamuak

Jim Sheridan zuzendari irlandarra 'thriller' psikologikoaren generoan sartu da 'Dream House' filmean

Gontzal Agote.
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Etxetzar bat, iraganeko gertaera ilunak eta haur txikiak dituen familia eredugarri bat. Horiexek dira Dream House-ren osagai nagusiak, gaur egungo edozein thriller psikologikok izaten ahal zituen berberak. Bitxia da Jim Sheridan halako proiektu baten atzean ikustea. Egia da Irlanda utzi eta AEBetara egin zuenetik bere ibilbide artistikoa nahiko gorabeheratsua izan dela, baina inor gutxik espero ahal zuen Sheridanek thriller psikologiko bat zuzentzea.

My Left Foot dramarekin egin zen ezagun irlandarra. Film horrek bere lehen Oscar saria eman zion Daniel Day-Lewis aktoreari. Horren ondotik, Irlandarekin lotutako hainbat film interesgarri etorriko ziren, ezagunena In the Name of the Father. 2005ean aro estatubatuarra hasi zuen, eta Dream House du garai horretako hirugarren filma.

Will Atenton arrakasta handiko editorea da New Yorken, baina erabateko aldaketa egitea erabaki du. Libby emaztearekin eta bi alaba txikiekin hiria utzi, eta herrixka batean erosi duten etxe zahar batera joan dira. Hasieran dena amestu duten bezala da, baina laster etxeak istorio ilun bat duela ohartuko dira; ama eta haren seme-alabak hil zituzten bertan aspaldi. Atentonek gertatu zenaren inguruan gehiago jakin nahiko du, eta, horretarako, hildako familiaren adiskide baten laguntza izanen du. Istorioa ez dela amaitu deskubrituko dute, eta etxe horretara joaten diren guztiek heriotza ezagutu beharko dutela.

'DREAM HOUSE'

Zuzendaria: Jim Sheridan.

Aktoreak: Daniel Craig, Rachel Weisz, Naomi Watts, Marton Csokas, Elias Koteas, Jane Alexander.

Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 91 min.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.