Arantxa Urretabizkaia. Idazlea

«Etzanda irakurtzen dut, eta etzanda irakurtzeko liburuak egin nahi ditut»

Bilaketa planifikaturik gabe, bizitzak berak eman dizkio gaiak. Amatasun garaikidea ekarri zuen euskal narratibara 1979an, 'Zergatik panpox'-ekin; orain, zahartzaro garaikideaz egin du gogoeta '3 Mariak' nobelan.

Juan Luis Zabala
Hondarribia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) gaindituak ditu 3 Mariak (Erein) argitaratu zuenean zeuzkan beldurrak, nobela harrera ona izaten ari baita irakurleen nahiz kritikarien aldetik. Beterriko Liburua aipamena jasotzeko bost finalisten artean dago. Zahar izateko modu tradizionalaz gain, bestelakoak ere badaudela, eta gero eta gehiago zabalduko direla uste du, eta gaiaren inguruko kezkak eraman du Gorri, Txuri eta Handi pertsonaiak uztartzen dituen nobela idaztera. 80 urte inguruko hiru emakume dira, baina ez horregatik atzera begira eta oroitzapenei atxikita bizitzera behartuak; ez horregatik egitasmorik, ilusiorik eta bizipozik gabeak. Kontaketa soil eta arin, baina ez horregatik hutsal eta axalekoan.

80 urte inguru dituzte nobelako pertsonaia nagusiek, eta zahartzaroa bizitzeko moduen inguruko gogoeta ugari dago liburuan. Zerk eraman zaitu gai horretara?

Urteak dira zahartzaroaz eta zahartzeko moduez interesatua nagoela. Horretarako arrazoiak nabarmenak dira. Gainera, liburua idazten hasi nintzenean gure ama zena bizi zen —96 urterekin hil zen—, eta harekin egotea zahar kontuen bueltan ibiltzea zen. Dena den, ez dago arrazonamendurik aukera horren atzean. Ez dago aldarrikapenik ere. Nitaz esaten eta idazten direnak ikusita, ematen du nik aztertzen dudala zein gai ez den jorratu euskal literaturan, gero horri heltzeko. Baina ez da horrela izaten.

Bizitzak berak eramaten zaitu gaira.

Bai. Bizitzak berak eramaten nau. Dena den, egia da beti begiratzen dudala aukeratu dudan gai horretaz zer idatzi den. Urteetan ari naiz kontu honekin, eta zahartzaroaren inguruan zerbait argitaratzen dela ikusi izan dudan bakoitzean berehala jo dut argitaratu dena irakurtzera. Horrelakoetan pentsatzen nuen: «Kaka zaharra! Atzetik noala emango du!». Uxue Alberdiren Aulki jokoa atera zenean, berehala erosi eta irakurri nuen. Baina jabetu nintzen beste gauza bat dela liburu hori. Karmele Jaioren Musika airean-ekin ere gauza bera gertatu zitzaidan. Eta Doris Lessingekin ere antzeko zerbait, orain dela dozena erdi bat urte, bere nobela berrian protagonistak bi zahar zirela jakin nuenean.

Zahartzaroa, oztopo edo zama izan beharrean, askatasun iturri da Gorrirentzat, eta, haren arrimuan, Txurik ere bide hori hartzen du.Zuk adierazi izan duzu zahartzaro tradizionalaz gain zahartzeko beste modu batzuk ari direla indarra hartzen. Zahartzaroa askatasun gisa bizitzea da zahar izateko modu berrien ezaugarri nagusia?

Ez dut orain arte horrela pentsatu, baina agian bai. Ez dago inon idatzia nola zahartu behar dugun. Bakoitza zahartzen da nahi duen moduan.

Eta ahal duen moduan…

Bai, jakina, ahal duen moduan ere bai. Baina muga fisikoez gain, fisikoak ez diren mugak onartzen ditugu. Jendeak esaten dizu berehala: «Gure adinean…». Adina utzi kanpoan! Esan ezazu zer egin nahi duzun edo zer ez duzun egin nahi, baina ez dago lotura nahitaezkorik adinaren eta bizitzaren artean, muga fisikoetatik aparte. Aurreko batean aspaldiko adiskide batzuekin elkartu nintzen, eta batek esan zuen bat-batean, niri begira:«Badakizu, nola lotsa guztiak galdu ditugun…». Seguru asko geratzen zaizkigu lotsa asko, baina askatasun hori ematen du zahartzaroak.

Pasioaren galera ere badakar zahartzaroak, Txurik dioenez.

Hori eztabaidagarria da. Txuriren ikuspuntutik horrela da, baina Gorri ez letorke bat horrekin. Honen guztiaren oinarrian bada liburu bat: Vita Sackville-West-en All Passion Spent. Gaztelaniazko bi itzulpen ditut, izenburu ezberdinekin: Toda pasión apagadada bat, eta bestea Toda pasión concluída. Ez da oso ezaguna, baina oso gustukoa dut idazle hori. Liburuaren tesia da zahartzaroarekin pasioak bukatzen direla. Baina Gorrirena ez da hori.

Pasioen amaierari alderdi positiboa aurkitzen dio Txurik.

Bai. Eta nik ere bai. Bakearen usaina dauka.

Sackville-Westenaz gain, zein beste liburu izan duzu erreferentzia nagusi zureaidazterakoan?

Graham Greeneren Viajes con mi tía [Travels with my Aunt] da beste erreferente bat. Uste nuen kritikariren batek antzemango zuela, baina ez da halakorik gertatu. Jubilatzeko zorian bizi den gizon bat da protagonista. Bakarrik bizi da, bizi zenik ere ez zekien izeba xelebre bat etxean agertzen zaion arte. Izebak hankaz gora jartzen dio bizitza. Sackville-Westen liburuaren atzean Txuri egon daitekeen bezala, Greenerenaren atzean egon daiteke Gorri.

Elkarren adiskide zintzoak diren arren, bizitzari aurre egiteko moduan desberdinak dira oso Gorri eta Txuri. Zer neurritan dira Gorri eta Txuriren arteko desberdintasunak zeure barne gatazken isla?

Nik koktel bat egingo nuke hirurekin, proportzio desberdinetan. Handirengandik bi tanta hartuko nituzke eta besteengandik dosi handiagoak. Gorrirengandik abenturarako joera hartuko nuke batez ere, eta Txurirengandik kontenplaziorako joera. Gizonak beti esaten dit ekintza-emakumea naizela, ez naizela kontenplatiboa. Baina gustatzen zait Txuriren kontenplaziorako joera hori ere.

Eta Handirengandik hartuko zenituzkeen bi tantatxoak… Zerenak?

Tema. Nola ez duen amore ematen. Bereari eusten dio. Herriari gorroto dio eta ez dago horretan amore ematekotan.

Gorriren jarrerak kemen handia eskatzen du.

Gorrik du oso ibilbide desberdina. Munduan zehar bakarrik mugitu da, eta Txuri beti egon da babestua. Gorrik antz handiagoa du atzetik datorren belaunaldiarekin, bere belaunaldikoekin baino.

Zuen belaunaldiarekin?

Bai. Askatasun handiagoa du, gauzak hausteko ausardia handiagoa, bidaiatzeko… Txuri, aldiz, ez da herritik atera sekula santan, ez bada ezkondu eta gero Arantzazura joateko, nire gurasoak bezala.

Gero eta indar handiago hartzen ari den zahartzeko modu berriaren eredu da, beraz, Gorri.

Bai. Nik uste dut baietz.

BERRIAn argitaratutako kritikan, Beñat Sarasolak dio «kontaketa molde tradizionalagoetara» jo duzula, ezarian, zure ibilbidean. Ados zaude iritzi horrekin?

Liburua Iñaki Aldekoari, nire editoreari, eman nionean, abisatu nion nobelan ez zegoela inongo arkitekturarik. Kontakizun sinplea nahi nuen, garbia. Egon nintzen pentsatzen Txuriren ahotsaz gain Gorrirena sar nezakeela, eta Handirena ere bai… Baina ez nuen arkitekturarik nahi, eta erabaki nuen horrelakorik ez egitea. Aldekoak nik baino hobeto ezagutzen du errealitate literarioa, eta esan zidan arkitektura horiek neurri batean modaz pasatuak daudela eta ez kezkatzeko horregatik. Dudarik gabe, nire libururik alaiena atera zait. Baina ez diot esan neure buruari «liburu alaia egin behar dut». Ez. Atera zaidana da. Konbentzionalagoa den edo ez, ez dakit. Liburua irakurri zuenean, ahizpak esan zidan nirekin sartuko zirela sinpleegia delako eta errazegi irakurtzen delako. Jende askorentzat, zenbat eta korapilatsuago, orduan eta aberatsago.

Zu ez zatoz bat...

Nik ez daukat ezer korapilatsuago egin nahi dutenen kontra, baina ez nator bat ikuspegi horrekin. Nik bereizten ditut etzanda irakurtzeko liburuak eta mahaian irakurtzeko liburuak. Nik etzanda irakurtzen dut, eta etzanda irakurtzeko liburuak egin nahi ditut. Behin esan nion gizonari: «Oraintxe ulertu dut zertarako idazten dudan: irakurlea harrapatzeko, eta nik esan nahi diodana entzun beste erremediorik izan ez dezan».

Hamabi urte ziren zure aurreko nobela —Koaderno gorria— argitaratu zenetik. Zer moduz plazarako itzulera?

Harritu egin nau euskal literaturaren mundua zein gorpuztua dagoen ikusteak, zein antolatua, zein egituratua… Amezketan izan nintzen lehengoan irakurketa talde batekin, Abanto-Zierbenan gero, gaur [herenegun] Donostian daukat saioa… Kritikak argitaratzen dira, webguneak, mugimendua… Gu hasi ginenean ez zegoen ezer. Duela hamabi urte zerbait bazegoen, baina gaur egun askoz ere mugimendu handiagoa dago euskal literaturaren inguruan.

Asko aurreratu da, beraz.

Nik euskal literatura oso une onean ikusten dut. Urrezko aro batean ez beharbada, baina bai gutxienez zilarrezko aro batean. Gure historian sekula santan izan ez duguna daukagu: irakurle multzo bat. Gu hasi ginenean, ez zegoen irakurlerik. Subskripzio bidez banatzen genituen liburuak. Orain, berriz, irakurle klubak bazter denetan daude, baita bazterrik bazterrenetan ere.

Hala ere, askotan esaten da irakurle falta dela euskal literaturaren sistemaren alderdirik ahulena.

Aurrekoan Bilbon hitzaldi bat eman nuen, eta bukaeran niregana hurreratu zen neska bat, aurretik ezagutzen ez nuena, eta sekulako lan mardula eman zidan, enkoadernatua. Master baterako tesia zen, amatasuna nire lanetan nola agertzen den aztertuz egina. Etxera bueltan, lan hartan irakurri nuen, Saturno nobelari buruz ari zela, nire liburu horrek jasotakoaren moduko kritika iraingarririk ez dela sekula jaso euskal letretan, baina hala ere Saturno-ren 11.000 ale saldu direla. Argitaletxera deitu nuen, datua egiaztatzeko, eta erantzun zidaten 11.800 ale direla saldutakoak. Koaderno gorria-ren kasuan ere 11.000tik gora dira saldutako aleak. 3 Mariak-en 2.000 ale atera zituzten, duela hiru hilabete, eta bigarren edizioa prestatzen hasita daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.