Etzi jarriko da abian dFeria, «bestelako arte eszenikoetara irekitako leihoa»

Hamabost antzerki lan eta bost dantza ikuskizun taularatuko dituzte Donostian, hilaren 17ra bitarte

Jon Fernandez.
Donostia
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Donostiako arte eszenikoen jaialdia, dFeria, bi aldetara zabaldutako leihoa da. Alde batetik, programatzaileentzako zabaldu dute, ikuskizunek zirkulazio handiagoa izan dezaten; beste alde batetik, ikuslearentzako, emanaldi garaikideak gertuago ikus ditzan. «Ez da jaialdi konbentzionala. Ikuslea bestelako arte eszenikoetara erakartzeko leiho irekia da», Norka Chiapuso dFeriako zuzendariaren ustez. Astelehenean hasiko da hamzapzigarrenez, eta, martxoaren 17ra bitartean, hamabost antzerki eta bost dantza taularatuko dituzte Antzoki Zaharrean, Viktoria Eugenia antzokian, Lugaritz aretoan eta Gazteszena aretoan.

Gorputza gudu-zelai du goiburu aurtengo dFeriak. Izan ere, gorputza tentsio eremu gisa lantzen duten bost obra bildu dituzte: Cho-In Theatre talde korearraren Hotel Splendid, Hortzemuga konpainiaren La Espera, Tanttaka konpainiaren No me hagas daño, Vaiven konpainiaren Duda razonable eta Normandiako Caen hiriko Koreografia Zentro Nazionalaren Manta. Lan guztietatik %65 Euskal Herriko taldeenak dira, eta gainontzekoak, kanpokoak. «Antzerkia nazioartekotzeko apustua da gurea. Kanpoko lanez gozatzeko aukera izan nahi dugu», dio Chiapusok. Hotel Splendid obra, esaterako, jatorrizko bertsioan antzeztuko dute, azpitituluekin.

Bertako dantza bultzatuz

Antzerkiarekin batera, dantza bultzatu nahi dute antolatzaileek. Bost dantza taldek osatuko dute dFeria-dantzan saila. Dantzaz konpainiaren Mintzo obrak zabalduko du saila etzi. Gero etorriko dira Helena Golaben Black Diamond, Natxo Monteroren Carne di prima quialitá, Kukai dantza konpainiaren Karrikan eta Noemi Viana & Jesus Rubio koreografo taldearen Menú del día obrak.

Bertoko dantza talde garaikideen erakusleiho izan nahi du dFeria-Dantzanek. «Ohore bat da etxean aritzea. Gipuzkoako taldea izan arren, ia ezagunagoak gara kanpoan hemen baino», dio Adriana Pous Dantzaz konpainiako zuzendari artistikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.