Donostiako 46. Jazzaldia arrakastatsua izan da, 115.000 ikusle bildu ditu. Balorazio positiboa egin du Miguel Martin zuzendariak, "baldintzak lagungarri izan ez badira ere".
Bart gauean amaitu da aurtengo edizioa, Cyndi Lauper eta Mavis Staples-en kontzertuekin. Euriak atsedenik eman ez bazuen ere, ikusleak bertan izan ziren, eta Martinen ustez ikusleen erantzun horrek musikariak animatu egin ditu, kontzertu hobeak eskaini dituztelarik; "esaterako, Cyndi Lauper oholtzatik jaitsi zen eta ikusleak adina busti zen".
Antolakuntzak plastikozko estalkiak banatu ditu ikusleen artean, euritearen kaltean gutxitu nahian. Azkenean, iaz baino 9.000 ikusle gehiago bildu da edizio honetara. Martin zuzendariak azaldu du aurtengo edizioko "maila artistikoa" oso ona izan dela, eta "Jazzaldiaren 46 urteko historiako edizio zoragarrienetako bat utzi dute". Arrakasta horren adibide da, jaialdia ireki zuen B.B. King-en kontzertuan 41.000 pertsona elkartu izana.