Gaur amaituko da BBK Live jaialdia, Kaliforniako Green Day taldearen hardcore melodikoarekin; atzo, AEBetako Kings of Lion taldeko kideak izan ziren protagonista. Hainbeste pertsona dantzan jartzeko erronkari aurre egingo diote gaur kaliforniarrek.
Taldeak bezain askotarikoak izango dira musika estiloak. Green Day, Vampire Weekend, Fatboy Slim, The Hives eta Fermin Muguruzaren Kontrakantxa taldeek, hardcoretik hasita, rock estilotik igaro, eta musika eletronikorainoko bidaia eskainiko dute.
Ordu eta erdiz, euria nagusi
Arratsaldeko seietan, BBK Liveko zerua ilundu zen; arratseko zortzietan lehen trumoiak entzun, eta euriak eskuratu zuen jaialdiko protagonismoa. Segurtasun arrazoiengatik, zortzi eta erdiak aldera, The Vaccines taldeak instrumentuak oholtza gainean utzi, eta emanaldia eten behar izan zuten.
21:30ean, jaialdiko karpa batzuetan musika entzuten hasi zen berriro, eta minutu batzuk geroago, Klaxons eta Gary Clark-en emanaldiekin, bluesak giroa berotu zuen. Amaiera aldean, Kings of Lion taldeak Sex on fire abesti ezaguna jo zuen, trumoiei eta euri zaparradari gailenduz.