Euritan kantuz aritu zen hura

Gaur ehun urte jaio zen Gene Kelly, musikalen generoari prestigioa ematen lagundu zuen aktore eta dantzaria

2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ezaguna da eszena: gauez, eta euria goiti-beheiti ari duelarik, gizonak etxe atariraino laguntzen dio emakumeari, eta zenbait hitz gozo eta musu azkar bat trukatu ostean, elkar agurtzen dute. Segidan, gizonaren ezin kabituak gaina hartzen dio eguraldiaren kaskarrari, eta dantzan hasten da, euripean kantari, zoriontsu, aterkia eta kale bazterreko farola bat lagun dituela. Gene Kellyk hotzeria eta sukarra zituela filmatutako irudi haiek bilakatu dira gerora haren ikonorik behinena, eta are analistarik zuhurrenek sarri laidoztatutako musikalen generoari prestigioa ematen lagundu dute.

Orain dela gutxi, Sight and Sound aldizkari prestigiotsuan, historiako filmik onenen zerrendako hogeigarren postuan zen Singin'in the Rain (1952). Izan ere, filmean ageri diren proposamen artistikoak berritzaileak dira gaur egun ere, eta koreografien ikusmoldeak, berriz, eragin handia izan du. Film hura izozmendiaren punta soilik izan zen, ordea, ibilbide oparo baten sagaratzea. Kelly 26 lanetan agertu zen aktore moduan, bederatzi zuzendu zituen eta ekoizle aritu zen pelikula batean, eta gidoilari modura ere bai beste batean.

Pittsburghen (Pensilvania) sortu zen Kelly, gaur ehun urte, familia proletario batean. Aitak fonografoak saltzen zituen; amak, berriz, dantza mundura zaletu zituen senide denak, eta hark bultzatu zuen The Five Kellys taldea, bost anaiak osatua. Taldea desagertu zenean, Genek eta haren anaia Fredek The Kelly Brothers sortu zuten, koreografia indartsuak prestatzen segitzeko.

Ekonomia ikasten ari zela harrapatu zuen 1929ko ekonomia krisiak, eta, familiakoak mantentzeko, askotariko beharretan aritu behar izan zuen. Dantza eskola bat ireki zuen Pittsburghen eta beste bat Johnstownen. Negozioak funtzionatzen zuela ikusirik, erabaki zuen garaia zela New Yorkera alde egiteko eta koreografo modura lanean hasteko. Eta baita apustua ongi atera ere, laster lortu baitzuen arrakasta Pal Joey musikalarekin (1940). David O. Selznickek Hollywooden lan egiteko eskaintza egin zion, eta hara joan zen bizitzera, Betsy Blair emaztearekin batera. Segidan etorri ziren Kellyren ibilbideko lehen tituluak: For Me and My Gal (1942), Du Barry Was a Lady eta Thousands Cheer (1943), eta Cover Girl (1944). Dena ongi zihoakion, harik eta Pearl Harbor bonbardatu zuten arte. Orduan, herrialdearen alde borrokatzera joan zen frontera. Bueltan, arrakastak ez zuen etenik izan: Anchors Aweigh (1945), Ziegfeld Follies (1946), The Three Musketeers (1948), On the Town (1949) eta An American in Paris (1951) filmetan parte hartu zuen, besteak beste. Azken horrek bihurtu zuen izar handi, sei Oscar sari eskuratuta. Hurrengo urtekoa da Singin'in the Rain, Kellyren ibilbidearen apurkako gainbeheraren aurreko azken perla.

Goitik beherako azkarra

Zaila da esaten zer gertatu zen lehenago, Kellyren gainbehera ala musikalarena. Kontuak kontu, genero dekadente bati leial izatearen ondorioak nozitu zituen 60ko hamarkadatik aurrera, eta ez zuen merezitako amaierarik izan. Azken kolpea emateko, Barbra Streisand pop izarra zuzendu zuen Hello, Dolly!-n,eta Xanadu-rekin esan zuen agur behin betiko, zorte handirik gabe. 1996an hil zen, pare bat urte lehenago izandako odol kolpeen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.