Europa nagusi 2011ko zinema uztan

Krisialdi larrian egon arren, aretoek pelikulen zabalkunderako bide nagusia izaten segitzen dute. Eta horietan, kontinente zaharreko filmak izan dira nagusi kalitateari dagokionez.

Des hommes et des dieux filma urteko onenetakoa izan da. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Joan den urteak momentu politak utzi ditu Euskal Herriko zinema aretoetan, ia urte osoan oso film onak ikusteko aukera izan baita. Hala ere, errealitate horrek ezin du estali zinemagintzak eta bereziki lan zinematografikoa helarazteko moduak bizi duten krisialdi orokorra. Zer konta badago; kontua da hori nola zabaldu.

Bereziki nabarmentzekoak dira 2011k utzi dituen hiru harribitxi distiratsuenak: europarra bata, asiarra bestea eta amerikarra hirugarrena.

Lehena, Xavier Beauviousen Des hommes et des dieux. 2010eko Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuten filma, urte berean Ipar Euskal Herrian estreinatu, eta iaz Hego Euskal Herriko aretoetara ailegatu zena. Aljeriako monasterio batean bizi den monje zistertar taldearen kontakizun hunkigarria egin zuen zuzendariak, aktoreen aparteko lanaz lagunduta.

Urte zaila izan duen Irango zinemagintzatik iritsi zitzaigun bigarrena. Gobernuak Mohammad Rasoulof eta Jafar Panahi zinemagileei ezarritako zigorrak soka luzea ekarri du. Oztopoak oztopo, Iranek segitzen du zinemarako herrialde ezinbestekoa izaten, eta urteko pelikularik onenetakoa oparitu digu: Jodaeiye Nader az Simin. Asghar Farhadik, orain dela bi urteko Darbareye Elly-n erakutsi zuen maila aparta areago goratu, eta bereizketa bat erabili du thriller eta zinema soziala maisuki uztartzeko.

Hirukoaren azkena AEBetako zinema independentearen ertzean egin den filma da: Nicolas Winding Refnen Drive. Cannesen oso inpresio ona utzi zuen thriller ilun horrek, eta, aretoetara ailegatu denean, argi gelditu da herrialde horretan iaz egin den pelikularik inportantenetakoa izan dela.

Hiru horietaz aparte, 2011k beste proposamen bikain batzuk eraman ditu aretoetara. Animazio arloan, Gore Verbinskiren Rango izan da iazko ezusterik atseginena, irudimena ez baita Pixarren monopolioa. Eta pantaila handietara iritsi den zinema dokumental urriari dagokionez, Inside Job izan da iazko erregin garbia.

Gainerakoan, krisi hotsak nagusitu dira Europan barna iragan hamabi hilabeteotan, baina 2011 zinemagintza europarrarentzat bereziki ona izan da. Nabarmentzeko moduko hiru pelikula britainiar izan dira: Tomas Alfredsonen Tinker, Tailor, Soldier, Spy; iazko ezusteetako bat izan zen Joe Cornishen Attack the Block ganberroa eta nahiko oharkabean pasatu zen Never Let Me Go, Kazuo Ishiguroren eleberriaren moldaketa bikaina.

Europako zinemagilerik ezagunenetakoa, Lars Von Trier, aurten ere protagonista izan da. Batetik, urteko filmik onenetakoa egin duelako, Melancholia apokaliptikoa; bestetik, ahoberoa izateagatik, Cannesko Zinemalditik kanporatua izan zelako.

Europatik atera gabe nabarmendu beharreko beste bi pelikula. Batetik, Aki Kaurismaki finlandiarraren Le Havre. Eta zinemagile estatubatuar batek egin duen ekoizpen europar bat. Midnight in Paris ez da Woody Allenek egin duen onena, baina, sikiera, balio izan du erakusteko zuzendariak azken urteotan egin dituen pelikula kaskarren ondoren ez duela norabidea guztiz galdu.

Aretoetatik kanpo

AEBek 2011n utzi dutena benetan pobrea izan da. Lanik interesgarrienak iazko Oscar sarien bueltan etorri ziren, iazko urteko hasieran estreinatu ziren Winter´s Bone, True Grit eta Black Swan. Gainerakoan, soilik Terrence Mallicken The Tree of Life-k salbatu du urte tristea.

AEBetan ikusten da argien pantaila handirako pelikulak zer-nolako ezaugarrien arabera egiten diren, baina mundu osoan izaten da joera hori. Film komertzialek bakarrik igarotzen dute merkatuaren inbutua, eta ekoizpen txiki gehienak beste bide batzuetatik gozatu behar dira. Oraingoz estreinatzerik gabe gelditu direnen artean film interesgarri ugari daude: Kelly Reichradten Meek´s Cutoff, Steve McQueenen Shame, Werner Herzogen Cave of Forgotten Dreams eta Terence Daviesen The Deep Blue Sea, bakan batzuk aipatzearren.

Larriagoa da film asiarren eskasia. Duela urte batzuk modan jarri zen Asian egiten zen ia guztia, baina iaz bakanak izan ziren pantaila handiko estreinaldia izan zuten pelikulak.

Iazko dezepzioen atalean, bi estatubatuar eskarmentudun nagusi. Clint Eastwooden Hereafter-ek joera kezkagarria erakusten du, 2008ko Gran Torino-tik nahiko maila eskasa eman baitu zinemagile beteranoak. Eta Steven Spielbergek diru asko irabaziko zuen The Adventures of Tintin eta Super 8-ekin, baina biek bere alderik bigunen eta komertzialena erakutsi zuten.

Euskal zinemaren urtea

Genero, estilo eta ahots aniztasuna, horixe ekarri dio 2011k euskal zinemari, kalitate orokorraren jauzi nabarmenarekin batera. Alberto Gorritiberearen Arriya, Asier Altunaren Bertsolari, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren Gartxot, Iurre Telleria eta Enara Goikoetxearen Azken bidaia, Telmo Esnalen Urteberri on, amona!, Imanol Rayoren Bi anai...

Telebistakeriaren morrontza gainetik kendu dute euskal zinemagileek, eta euskaraz kontatutako istorioak kostunbrismotik gero eta gehiago aldentzen ari dira. Orain sortzaileek egiten duten ahaleginari ikusleek maila berean erantzutea falta da.

Gaztelaniaz lan egiten duten euskal zinemagileei dagokienez, Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados eta Montxo Armendarizen No tengas miedo izan dira pelikularik aipagarrienak, bereziki lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.