Espainiako Gobernuak, 2012an, egileak lanen kopia pribatuengatik konpentsatzeko kanon digitala onartu zuen. PPren araudi berriak PSOEk aurrez onartutakoa ordezkatu zuen. Kanon berriaren arabera, estatuko aurrekontu orokorrekin ordaintzen zitzaien egileei, haien lanen kopia pribatuen konpentsazio modura. Egile eskubideen inguruko hiru elkartek, Egeda, Dama eta Vegapek, helegitea aurkeztu zuten auzitegietan. Haien arabera, kanonak Europako Batasuneko araudiarekin egiten zuen talka, konpentsazio kostuak kopia pribatuen erabiltzaileek ordaindu beharrean, Estatuak ordaintzen zituelako.
Espainiako Auzitegi Gorenan aurkeztu zuten helegitea, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jo zuen horrek. Orain, elkarteei arrazoia eman die auzitegiak, dioenez, Espainiako sistemak "ez duelako ziurtatzen konpentsazioen kostua kopia pribatuen erabiltzaileek bakarrik ordainduko dutenik". Europako auzitegiak dioenez, PPk martxan jarritako araudiaren arabera, "zegadun guztiek" ordaintzen dute konpentsazioa, eta ez "soilik [egile] eskubideen jabeei kalte egiten diotenek".