Asko dira Europako hizkuntza gutxituak, 280tik gora bai behintzat, adituen arabera. Eta asko dira ere haien biziberritzearen alde lanean ari diren norbanako, eragile zein erakundeak. Horiek guztiek aurrera eramandako jarduerak bildu nahi ditu Hitzargiak egitasmoak, praktika eredugarriak ezagutarazi, eta eragileen arteko harremanak sustatzeko. Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak jarri dute martxan proiektua, eta 16 erakundek osatutako Partzuergo batek gidatuko du —bertako kide dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, EHU, Mondragon eta Deusto unibertsitateak, Euskaltzaindia, Bai Euskarari Fundazioa, Kontseilua eta Hekimen, Europako hizkuntzen aldeko hainbat sarerekin batera—.
Bederatzi adituk osatutako batzorde zientifiko batek erabakiko du jarduera eredugarri horiek zein diren. Webgune batean joango dira horiek biltzen, ezagutzera emateko. Askotariko esparruetakoak izango dira bai eragileak bai haiek martxan jarritako ekimenen eragin eremuak ere. Esperientziak partekatzea, elkarrengandik ikastea, eta elkar elikatuko duten eragileen sarea osatzea dira, beraz, helburu nagusiak.
Bestalde, harremanak sendotzeko eta praktika horietan sakontzeko, topaketa bat egingo dute Donostian, ekainean. Europa osoko eragileak bilduko dira bertan.