"Europako kulturen arteko loturak indartzea eta horiek Donostiara ekartzea" da Zubideak proiektuaren helburua, Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari orokorrak gaur egindako aurkezpen ekitaldian adierazi duenez. Orona Fundazioak babestutako ekitaldia da. eta hark Hernanin (Gipuzkoa) duen egoitzan egin dute aurkezpen ekitaldia. Hiriko eta inguruko zubi sinbolikoenetako batzuetan "herritarrek Europa osatzen duten kulturetako batzuk zuzenean ezagutu, sentitu eta bizi ahal izango dituzte". Horretarako Wroclaw (Polonia), Lyon (Frantzia), Dublin (Irlanda) eta Ljubljana (Eslovenia) hirietako kultur jaialdien lankidetza izango du Donostia 2016k lau data jakinetan.
-Maiatzak 1: Thanks Jimi - Wroclaw (Polonia)
Thanks Jimi jaialdia egingo da Donostian. Urtero egiten dute Donostiarekin batera Europako Kultur hiriburu den hirian, Wroklawn, eta Jimi Hendrix musikari ospetsuaren inguruan eratzen da. Urtero saiatzen dira Guiness marka hausten, ahalik eta pertsona gehien gitarra jotzeko bilduta. Egun osoan zehar musikarekin lotutako ekimenak izango dira Donostian, Poloniako musika taldeak tarteko, eta Joseba Irazoki ere arituko da, lagunez osatutako taldearekin batera.
-Ekainak 19: Bloomsday - Dublin (Irlanda)
Bloomsday jaialdia James Joyceren Ulises nobelako protagonista den Lepold Blood omentzeko ospatzen da. Literaturarekin lotutako ekitaldi hori urtero-urtero antolatu izan da 1954tik hona, eta aurten Donostiara ere helduko da ekainaren 19an, herritarrei Irlandako kulturara hurbiltzeko eta erreferentziako obra bat ezagutzeko aukera emanez.
-Uztailak 3: La Biennale de la Danse - Lyon (Frantzia)
Bi urtean behin, dantzarekin lotuta Europan egiten den ekitaldirik prestigiozkoena antolatzen du La Maison de la Danse etxeak Lyonen. Aurten Donostian ere egingo da jaialdia, datorren uztailaren 3an. Jaialdi heterodoxo honek dantza-ikuskizunak eta jarduerak antolatu, sustatu eta programatzen ditu, bai dantza klasikoaren alorrean bai, bereziki, dantza garaikidearen alorrean ere.
-Uztailak 31: Ana Desetnica - Ljubljana (Eslovenia)
Europako arte eszenikoen jaialdi zaharrenetarikoa da, kaleko antzerkiaren espezializazioan. Uztailaren 31n, Donostian ospatuko den erakustaldian, Esloveniatik bertatik eta Frantziatik, Lituaniatik, Bulgariatik, Austriatik, Italiatik, Kroaziatik, AEBetatik eta Ukrainatik etorritako artistek askotariko antzezlanak esakiniko dituzte: karrika-dantzatik dantza bertikalera, txotxongiloen antzerkia, clown-a eta eskala handiko kale antzerkia ere landuz.