Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIII. Astea Scott Derricksonek zuzendu eta Ethan Hawke protagonista duen Sinester filmarekin hasiko da hilaren 27an, eta azaroaren 3an bukatuko da Pascal Laugierren The Tall Man-en estreinaldiarekin (lehiaz kanpo). Bi horien artean beste film ugari eskainiko ditu zinema asteak, horien artean The ABCs of Death —zuzendari askoren artean eginikoa—, Antiviral (Brandon Cronenberg), Cockneys VS Zombies (Mathias Hoene), Grabbers (Jon Wright), Babycall (Pal Sletaune), My Amityville Horror (Eric Walter), Tulpa (Federico Zampaglione) eta Ace Attorney / Gyakuten Saiban (Takashi Miike).
Josemi Beltran astearen zuzendariak adierazi duenez, generoaren zaleek "era guztietako" lanak ikusi ahalko dituzte, batzuk komediari lotuagoak eta beste batzuk aztoragarriagoak.
Haurrei zuzendutako bi film eskainiko ditu Beldurrezko Asteak euskaraz: Ohe azpiko zera (David Zabala eta Paul Urkijo) eta Freddy Igeldegi (Peter Dodd), eta horiez gain, beste hainbat jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin programatuko ditu. Batzuk Sail Ofizialeko lanak izango dira: Deranged / Burutik joa (Park Jeong-woo), Cockneys Vs Zombies, When the Lights Went Out / Argiak itzali zirenean (Pat Holden), After / Gero (Ryan Smith) eta Dead Sushi / Sushi hilgarria (Noburu Iguchi).
Horiez gain, Universal etxeko hainbat klasiko ere emango dituzte euskarazko azpidatziekin: Jaws (Steven Spielberg, 1975), Dracula (Tod Browning, 1931), Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985), E.T. (Steven Spielberg, 1982), Creature from the Black Lagoon (Jack Arnold, 1954) eta The Incredible Shrinking Man (Jack Arnold, 1957).
Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu gabeko filmek osatuko dute Sail Ofiziala eta haietako 19 Ikusleen Sariaren 6.000 euroak jasotzeko lehiatuko dira. Film laburren atalean 17 lan lehiatuko dira, eta horien artean ere Europako ekoizpenak izango dira nagusi (13).