Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da Jon Sudupe (Azkoitia, Gipuzkoa, 1947). Lanbidez idazlea eta irakaslea da. 1983an eman zuen ezagutzera bere lehen saiakera liburua: Karl Marx, Teoria eta Politika. Mikel Zarate saiakera saria irabazi zuen liburu horrek. Gerora beste asko etorri dira.
Azken urteetan Europaren ideia gain behera dator. Euskalduntasunetik begiratuta ere asko aldatu da Europaren ikuspegia?
Enpirikoki ezingo nuke esan zein sentiberatasun dagoen azkenaldi honetan, baina Europatik diru asko jasotzen genuenean Europaz maiteminduak ginen, baina orain, krisia dela eta, badirudi erru guztia Europak duela eta euroeszeptizismoa nagusitzen ari dela.
Euskaldun izatea europar izateko modu bat dela diozu.
Bai. Nik esan ohi dut gu lehenengo europarrak garela eta gero euskaldunak. Gure sustrai guztiak Europan daude. Gure zibilizazioa, kultura... dena Europan sortua da. Gu berez europarrak gara, eta azalean euskaldunak. Euskaldun izatea europartasunaren ñabardura bat baino ez da.
Zer-nolako maila du saiakeraren generoak euskaraz? Nahikoa egiten al da?
Oro har, nahiko ahul dagoela esango nuke. Gehienbat ipuina eta nobelaren bat edo beste argitaratzen da, eta pentsamenduaren mundua gutxi lantzen dela uste dut.
Sari honek gehiago idaztera animatuko zaitu?
Bestela ere idaztea gustura egiten dudan gauza bat da. Bestela ere jarraituko nuen. Ari naiz lan batekin, erdi egina baitaukat.
Zer lan ari zara prestatzen?
Oso gustura ari naiz lan berria prestatzen. Ari naiz Kant eta Darwinen inguruko lan bat prestatzen. Neurozientziak gaur egun oso modako daude, eta sintesi moduko bat lantzen ari naiz bi egile horien arteko loturatik abiatuta.