Europako museo, liburutegi, agiritegi eta ikus-entzunezko bildumen baliabide digitalak arakatzeko ataria da Europeana (www.europeana.eu). 15 milioi edukiko liburutegi digitala partekatzen dute bertan 1.500dik gora kultur erakundek baino gehiagok, aplikazio teknologiko komun batzuen bidez. Ondare kultural eta zientifikorako sarbidea Europako hainbat hizkuntzatan egin dezake edozein herritarrek. Baita euskaraz ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak itzuli egin baitu Europeanaren interfazea, Gipuzkoa 2.0 programaren barruan. Anne Marie van Gerwen atariko komunikazio zuzendariak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen atzo Donostian.
Europako Batzordeak finantzatuta, 2008an sortu zen Europeana, ondare kultural eta zientifikoa gizarteratzeko helburuaz. Lau dira atariaren xedeak, Van Gerwenek azaldu duenez: ahaliketa ondare gehien biltzea, atariaren erabilera erraztea, erabiltzaileengana euskarri askotarikoen bidez iristea eta partaidetza sustatzea. Ekimenean parte hartzen duten erakundeen artean, Londresko British Library, Parisko Louvre eta Amsterdameko Rijksmuseum daude, besteak beste.
Alabaina, «ez ditugu soilik artelan ezagunak bildu nahi, edozein motatako ondarea pilatu nahi dugu, geure kultur ondarearen aniztasuna islatuz», dio van Gerwenek. Lekuko kultur erakundeek edota gizabanakoek ere parteka dezakete ondarea. Esaterako, Lehen Mundu Gerrako bilduma digitala osatzen ari dira gizabanakoek bidalitako argazki, gutun, objektu zein agiriekin.
Bertso funtsak «txunditurik»
Funtsean, gai jakin bati buruz Europako hainbat herrialdetan dauden testu, irudi, bideo zein soinuak bilatzea da atariak ahalbidetzen duena. Ondarearen digitalizazioak eta partekatzeak, ordea, abantaila gehiago dakartza. «Erakusketa birtualak dauzkagu, Art Nouveau erakusketa, adibidez. Fisikoki biltzea posible ez litzatekeen museo askotako ondarea bildu dugu, eta 24 orduz dago ikusgai», dio Van Gerwenek.
Gizartean ondarearekiko arreta piztea eta sarbidea erraztea da Gipuzkoako Diputazioaren nahia ere, Haritz Solupe Kultur Sustapen eta Hedapeneko zuzendariaren arabera. Horregatik ekin zioten «paperik gurutzatu gabeko borondatezko elkarlanari».
Interfazea euskarara ekarrita, etorkizunean Gipuzkoako ondarea gainontzeko europarrekin partekatzeko asmoa dute. «Emanak ditugu hainbat pauso, baina makinen arteko hizkuntzak bateratu behar ditugu». Donostiako bisitan, bertsolaritzaren entzunezko eta paperezko funtsek «guztiz txunditu» dute Van Gerwen, eta Europeanan bertsoaren erakusketa birtuala osatzea gustatuko litzaiokeela aurreratu du.
Europeana kultur edukien atarirako sarbidea, euskaraz
Gipuzkoako ondarea Europako beste hainbat erakunderekin partekatzeko lanean ari da Diputazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu