Berlinale zinema jaialdian ospatutako Euskadiren Egunaren barruan, «Euskadi bisitatzeko gonbidapena» egin zuen atzo Blanca Urgellek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. «Europako historiaren zati berezi bat aurkituko dute, baita hizkuntza berezi bat ere, Europako gainerako hizkuntzekin zerikusirik ez duena», adierazi zuen. «Aro berrian» sartu garela ere gogorazi zuen. «Terrorismoa iraganeko kontua da, eta bakea betiko lortzeko itxaropena dugu, egiazko itxaropena».
Euskadiren Egunaren barruan,mahai inguru bat egin zuten, eta hauek hartu zuten parte: Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Eneko Atxa eta Thomas Struck sukaldariek. Gauean, Mugaritz BSO eman zuten, Andoni Luis Adurizen sukaldaritza ardatz duen filma, Juantxo Sardon eta Felipe Ugartek zuzendua.
Zinemaldiko Culinary Cinema atalaren eta Berlinaleko Kulinarisches Kino atalaren elkarlanaren ondorioz ospatu da aurten, lehenengoz, Euskadiren Eguna Berlinalen.
Thorntonen filma, lehian
Jaialdiko sail ofizialaren barruan, Billy Bob Thorntonek Jayne Mansfield's Car aurkeztu zuen atzo, sail ofizialeko lehian parte hartuko duen AEBetako film bakarra, Robert Duvall eta John Hurt aktoreen lankidetzarekinegina. «Aktore horien neurrira idatzitako filma» da berea, zuzendariaren ustez. Filmak harrera ona izan du, eta Urrezko Hartza lortzeko lehian izango da.
Emakume berarekin maitemindutako bi gizonezkoren arteko lehia eta tentsioa islatzen du filmak. Emakume horrek, Naomik, Alabamatik ihes egitea erabaki zuen, senarra eta seme-alabak utzita, eta beste familia bat sortu zuen Ingalaterran. Londresen hil zen gero Naomi, eta hil aurretik Alabaman lurpera zezatela eskaturik zuen. Bi familien arteko aurrez aurreko talka eragingo du Naomiren azken nahiak.
«Euskadi bisitatzeko gonbidapena» egin du Urgellek Berlinalen
Euskadiren Eguna ospatu dute, Donostiako eta Berlingo zinema jaialdien arteko lankidetzari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu