KOMUNIKAZIOA

Euskadi Irratian, bi orduko lanuztea, eta Radio Euskadin, 24 ordukoa

EITBko administrazio kontseiluak Eusko Irratietarako onartutako enplegu deialdia salatu dute langileek Bilbon egindako protestan.

Radio Euskadiko langileen protesta. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko ekainaren 12a
12:50
Entzun

Isilik dago gaur Radio Euskadi. Estudioetatik kalera atera dira langileak, protesta egiteko. Euskal Irrati publikoaren defentsa egin dute gaur ELAk, Independenteek, ESK sindikatuak eta CCOOk 12:00etan Bilbon egin duten manifestaldian. Eusko Irratia bizirik lelopean egin dute Moyuatik Arriagarako ibilbidea.

Apirilaren 30ean Eusko Irratietarako enplegu lehiaketa publikoa onartu zuen EITBko zuzendaritza eta administrazio kontseiluak. 49 lanpostu finko betetzeko eskaintza ageri da deialdian, eta langile batzordearen arabera, enplegua “suntsitu” egingo du horrek. “Eusko irratiko bost langiletik batek  lanpostua galduko du”, adierazi du Jesus Malo ELAko kideak. Salatu du 79 langile kalean geldituko direla, eta 30 enplegu galduko direla deialdiarekin.

Radio Vitoria, Euskadi Irratia eta Radio Euskadik lehiaketa deialdi publiko ezberdindua zuten orain arte. Eta lehiaketa bakarra izango da hiruentzat orain. Euskara ondo jakitea derrigorrezko baldintza da irrati kate guztientzat ireki berri duten enplegu deialdian. “Gu ez gaude euskara eskatzearen aurka. Baina elebitasunaren aitzakia pean ari dira murrizketak egiten”, adierazi du ELAko ordezkariak.

Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako langileek ere babestu dute protesta, eta bi orduko geldialdia egin dute irratietan. Bilboko mobilizazioan zegoen Aitziber Bilbao Euskadi Irratiko kidea: “Denon arazoa da, murrizketa plantila guztietara hedatuko da”. Azpimarratu du bost urte daramatzatela EITBko irratietan lanpostuak galtzen, eta deialdi publikoa “azken tanta” izan dela.

LABek ez du mobilizazioarekin bat egin. Prentsa ohar bidez adierazi du administrazio kontseiluak onartutako proposamenak ez duela negoziazio kolektiboa deuseztatzen. Eta langile batzordeak eta zuzendaritzak lan taldeaz negoziatu behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.