EUSKADI LITERATURA SARIAK. Euskadi sariko zortzi sailetara 180 liburu aurkeztu dira aurten

«Formula magikorik» ez dutela eta sariak hobetzeko proposamen berriak aztertzeko prest daudela esan du Riverak

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Orain artean aurreko urtean plazaratutako liburu guztiak izaten ziren Literaturako Euskadi sariak jasotzeko hautagai. Hots, argitara emandako obra guztien artean aukeratzen zituzten lan sarituak, non eta egileak hartarako baimena ematen ez zuen. Alabaina, Blanca Urgellek zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sarien oinarriak moldatu ditu aurten, eta hautagai izateko, norbaitek aurkeztu behar izan ditu lanak, edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikok edo pribatuk, betiere egilearen baimen dokumentatuarekin. Eta, noski, egileek berek ere izan dute lanak aurkezteko aukera. Aldaketa horiek liburugintzaren sektoreko profesionalekin adostu gabe egin ditu Kultura Sailak.

Eta honako hau izan da aurtengo deialdiaren emaitza: denera, 180 lan aurkeztu dira zortzi sailetan, alegia, euskarazko literaturan (23 lan), gaztelaniazko literaturan (24), euskarazko literatura itzulpenean (30), ilustrazioan (37), euskarazko saiakeran (15), gaztelaniazko saiakeran (13), euskarazko haur eta gazte literaturan (29) eta espainierazko haur eta gazte literaturan (7).

Espainierazko saria, hutsik

Azken sail horretan ez dute saririk eman, «aurkeztutakoen artean ez baitzen saria eskuratzeko moduko maila zuen lanik», Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen arabera.

Izan ere, oinarriak aldatu ez ezik, beste hiru sari ere gehitu dituzte aurten: euskarazko eta espainierazko saiakerenak eta espainierazko haur eta gazte literaturarena. Riverak esan du hiru sail berri horiek «erantzun egiazki garrantzitsua» jaso dutela, eta «pozik» daudela egindako aldaketekin.

Sail horietako batean saria eman ez izanak Euskadi sarien ibilbidea «egonkortu» besterik ez duela egiten uste du Kultura sailburuordeak, «erakusten duelako sariek zein maila duten».

Onartzen du sarien oinarrietan egindako aldaketek «desabantailak» ere badituztela. «Ez dugu formula magikorik, eta argi dago modu batera edo bestera egin abantailak eta desabantailak hor daudela».

Nolanahi ere, sariak hobetzeko asmoz liburugintzaren «sektoretik edota beste nonbaitetik etor daitezkeen proposamenak aztertzeko prest» daudela adierazi du Riverak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.