EUSKADI LITERATURA SARIAK. «Kafkaren gorazarre poetikoa» saritu dute gaztelerazko atalean

Pragako idazlearen egunerokoak oinarri ditu Jose Fernandez de la Sotaren 'Vacilación' poema liburuak

Ainhoa Sarasola.
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Franz Kafkak beti «hunkitu» izan du Jose Fernandez de la Sota (Bilbo, 1961) idazle eta kazetaria. Horregatik, haren arrastoari jarraitu dio Vacilación (Bassarai) poesia liburuan. Pragako idazlearen egunerokoekin izandako elkarrizketen gainean eraiki du poema bakoitza, haren zalantzak jorratzeko. «Kafkaren gorazarre poetikoa» egiten duen lana saritu du Euskadi Literatura Sarietako epaimahaiak, gaztelaniazko literaturaren alorrean.

Kafkaren egunerokoetan jasotako esaldi bat izan zen liburua ontzeko Fernandez de la Sotaren abiapuntua («Nire bizitza osoa jaio aurreko zalantza da»). Haren idatzietan sartu, eta haren ahotsa oinarri hartu du idazleak poemetan, existentziaren eta heriotzaren inguruan Kafkak azaldutako zalantzak aztertzeko. Garrantzitsua ez dela hiltzea, agertzea baizik, esango du Kafkak. Fernandez de la Sotak, ordea, beste ondorio bat aterako du gogoetatik: heriotzaren aurrekoa eta ostekoa txanpon beraren bi aldeak direla.

Epaimahaiaren irudiko, forma aldetik «bikaina» eta egitura aldetik «originala» da Fernandez de la Sotaren lana. «Poema bakoitzak hurrengorako leiho bat irekitzen du, ez izatearen irrika eta zalantzaren irudikapen harmoniatsua eta sakona sortuz». Gaiaren «zailtasuna» ere nabarmendu du Luisa Etxenike buru izan duen epaimahaiak, baita lanaren «tradizio literario adierazgarrienarekiko hartu-emana» ere. Epaimahaikideen irudiko, «gaur egungo izatearekin bat datorren lana da» saritutakoa. Etxenikerekin batera, Maria Jose Martinezek, Guillermo Uribek, Enrique Gutierrezek eta Elena Sierrak osatu dute epaimahaia gaztelaniazko atalean.

Bigarren Euskadi Saria

Kazetaria, poeta eta kontalaria, prentsan nahiz irratian literatur kritikan aritu da Fernandez de la Sota, baita zutabegile lanetan ere hainbat egunkaritan. Los pliegos del norte poesia bilduma ez ezik, Pérgola literatur gehigarria eta Ipar Atea, Boletín de Ficciones eta Ancia kultur aldizkariak zuzendu ditu, eta 1988tik, Zurgai poesia aldizkariaren erredakzio-kontseilukidea da. Poeta gisa, hamar liburu eman ditu argitara, tartean, Todos los santos. Liburu horrekin 1998ko Euskadi Saria eta Antonio Machado Nazioarteko Saria irabazi zituen. Halaber, Informe Goliat eleberria eta lau kontakizun liburu idatziak ditu, besteak beste. Bere lanak italierara, portugesera, errusierara, kortsikerara eta frantsesera itzuli dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.