Aldaketa garaia iritsi da Euskadiko Filmategira. Zuzendari berria aurkezteaz gain, filmategiak jorratuko duen ibilbidea ere «berria» izango dela aurreratu zuen atzo Antonio Riverak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Mikel Arregi orain arteko zuzendariak erretiroa hartu ostean, Joxean Fernandez (Donostia, 1973) izango da Euskadiko Filmategiko zuzendari berria. Unibertsitateko irakaslea da Fernandez, Historian doktorea, eta Naonedeko (Bretainia) zinemaldian ere lan egina da.
«Orain arteko lana barrura begirakoa izan da. Aurrerantzean, kanporantz egingo du lan Euskadiko Filmategiak», azaldu du Riverak. Dena dela, orain arte egin diren lanei eustea ezinbestekotzat jo du zuzendari berriak: «materialak telezinematzea, filmategiko funtsen digitalizazioa eta indexatzea bultzatzea, publikoari, ikus-entzunezko sektoreari eta ikertzaileei zerbitzua ematea, Kimuak programa garatzea, beste filmategiekin eta zinema jaialdiekin elkarlana indartzea...»
«Ez ditugu zinemako altxorrak lurpetik atera nahi berriz ere lurpean gordetzeko», dio Fernandez zuzendariak. Azken 32 urteetan filmategiak izan dituen xedeez gain, honako hauek lantzen hasteko asmoa agertu du: «artxibo digitala handitzea, artxibategiko funts gehienak biltzen dituen Urdanibia jauregiko egoitzan egokitzapen lanak egitea, ETBk 1983 eta 2005 bitartean emititutakoa digitalizatzea eta Urdanibia jauregian duten liburutegia herritarrei zabaltzea, orain ezin baita kontsultatu». Hori guztia, Euskadiko Filmategia Tabakaleraren egoitzan finkatu bitartean, horixe baita etorkizunera begira duten «erronka nagusia».
Zinema herrira hurbildu nahia
Datorren urterako bost xede ezarri dizkio Fernandezek Euskadiko Filmategiari: ondare zinematografikoaren ikerketa, berreskuratzea, kontserbazioa, zaharberritzea eta hedapena.
Hala ere, garrantzi berezia eman dio Fernandezek hedapenari. «Orain arte ez da landu hedapena, aurrekontua urria zelako». 2011rako Eusko Jaurlaritzak %6 gutxitu dio diru laguntza, baina 300.000 euro jaso dituzte Espainiako ICO erakundetik. 900.000 euro izango dituzte guztira.
Zinema herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Zineguneak ekimena garatuko dute, estreinatzen diren euskal filmen zirkuitu bat osatuz Euskal Herrian. Bestalde, Etxepare Institutuarekin ere elkarlanean dabiltza, atzerrian euskal zinema hedatzeko. «Euskal kultura eta euskara nazioarteari erakusteko biderik onena da zinema», Fernandezen ustez.
Euskadiko Filmategira «aro berria» dakar Joxean Fernandez zuzendariak
Orain artean egin den «barrurako lana» mantenduz, «kanpora begirakoa» sustatuko dute aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu