Musika

Euskadiko Orkestrako zuzendari musikalak ez du jarraituko denboraldia amaitzean

Gilbert Vargaren aroa amaitu dela iritzi dio Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak; erabakiarekin ez dagoela ados iradoki du Vargak berak.

2007ko urriaren 1a
17:30
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gaur hasiko du abonuko kontzertuen denboraldi berria, eta Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak agertu duenez, Gilbert Varga zuzendari musikala kargu horretan izango den azkena.

1997an hartu zuen lan hori Vargak, eta 10 urtetan “lorpen artistiko handiak” egin dituela onartu du Alberdik. Hala ere, Vargaren aroa amaitu dela iritzi dio, eta denboraldia amaitzean ez duela karguan jarraituko agertu du.

Zuzendari musikalak ere parte hartu du agerraldian, eta zuzendaritza nagusiaren erabakiarekin ez datorrela bat iradoki du. Zehazki, berak alde egiten duenean “helburu definituak eta lortzeko bitartekoak dituen giza taldea”geratuko den zalantzan jarri du. Alberdik onartu du ez daudela ados egungo zuzendari musikalak kargua utzi beharreko epearen inguruan.

Nolanahi ere, Vargarekin batera Cristian Mandela ere EOSeko zuzendari musikala da 2001etik.

Arestian aipatu bezala, gaur hasiko da EOSen kontzertu denboraldi berria, eta ekainaren 19an Donostian amaituko da. 58 kontzertu emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.