Mari Jose Olaziregi institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak koordinatu ditu lanok, eta literatura Etxeparerentzat "estrategikoa" dela nabarmendu du, gaur goizean egindako aurkezpenean.
Aierberen lana ez da antologia "huts bat", Olaziregiren ustez. "Laburki adierazi du idazle horiek literaturari egin dioten ekarpena, haien poetika eta literaturarekiko duten kontzeptua azalduz". Autore bakoitzaren soslai bio-bibliografiko bat, bakoitzak jasotako sariak, haien lanez egindako itzulpenak, eta idatzitako obra jakin baten lagina eraman ditu liburura Aierbek. Aukeratutako idazleen artean daude Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Pako Aristi, Eider Rodriguez eta Juan Luis Zabala, besteak beste.
Arroitajauregiren antologiak ere estruktura bera dauka. "Aukeraketa egiteko aukera asko nituen", aitortu du. Hamabi autore ekarri ditu liburura. Pello Añorga, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Maeabe eta Enkarni Genua, besteak beste. Genero horretan 1936ko gerraren aurrertik "aitzindari batzuk" izan baziren ere, 70eko hamarkadatik honako idazleekin osatu du katalogoa. "Haur eta gazte literatura oso indartsua egiten da euskaraz". Hori baieztatzeko, datu bat eman du. "2011n euskaraz argitaratutako izenburu guztien artean, izan literaturakoak edo ez, %28 haur eta gazte literaturakoak ziren, eta %13 helduen literatuakoak".
Olaziregik aurreratu du aurten beste bi antologia kaleratuko dituztela: poesiarena Lourdes Otaegik, eta ahozko literaturakoa Xabi Payak.