Gutun Zuria

Euskal autoreak «garrantzitsuak» izango dira aurtengo Gutun Zurian

Euskal literatura nazioartekoarekin harremanetan jarriko dute Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian. Gaur arratsaldean hasiko da festibala, liburu aurkezpen batekin; ondoren, Anariren eta Iñigo Astizen ikuskizuna egongo da

Gutun Zuriaren aurtengo edizioko aurkeztu zuteneko artxiboko irudi bat. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko martxoaren 23a
13:46
Entzun

Monica Ojeda, Martha Rosler edota Alexei Yurchak. Baina baita Katixa Agirre, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe, besteak beste. Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian batzuk zein besteak izango dira, programazioa eta, zenbait kasutan, are agertokia ere maila berean partekatuz. Izan ere, euskal literaturak jaialdian izango duen presentzia «garrantzitsua» azpimarratu dute aho batez Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak eta Beñat Sarasola jaialdiko aholkulariak, goizean egindako agerraldian.

Gutun Zuria «euskal kulturaren aktibatzaile» izateko asmoa agertu du Perezek, eta Sarasolak adierazi du jaialdi «zabalago» bat sortzeko proiektuaren barruan «absurdoa» litzatekeela euskal letrak ere hedapen horren arabera ez tratatzea: «Euskal literatura nazioarteko gainerako sortzaileekin harremanetan dagoen kontu bat bezala, ez gauza aparteko edo isolatu bat bezala: hala pentsatu dugu programazioa. Saiakera egin dugu euskal literatura munduko literaturaren barnean pentsatzekoa».

Aholkulariak azaldu duenez, kontzeptuetatik abiatu dira programazioa ontzeko: gai bat bururatu, eta horren inguruan ari diren autoreak batuko dituzte jaialdiko emanaldietan. Hala, Itxaro Borda Yuri Herrera mexikarrarekin eta Monica Ojeda ekuadortarrarekin mintzatuko da estandarretik at geratzen diren baina hura aberasten duten aldaeren inguruan. Goizeko prentsaurrekoan parte hartu du Bordak ere, eta solasalditik atera ditzakeen ondorioak aurreikusi ditu: «Uste dut argi geratuko dela mila hizkuntza beharrezkoak direla bizitzeko, monohiztun izatea ez dela gure onerako. Ama hizkuntzan ere mailak badaude: publikoa eta pribatua». Hizkuntzaren «ezabaketaz» arituko dira hiru idazleak, Bordak aurreratu duenez: «Ezabatua izan den hizkuntzaren esperientzia ez da soilik Frantziakoa, unibertsala da. Eta unibertsala da ere ezabatua izan den hizkuntza berreskuratzea».

Bordarekin batera, Katixa Agirre eta Aixa de la Cruz aritu dira goizean. Haien kasuan, ostiralean ere batera arituko dira agertokian, eta generoen hibridazioaren gaiari helduko diote. Gutun Zuriaren iazko aldian ziren horren inguruan aritzekoak, baina hura bertan behera geratu, eta aurten bilduko dira gaia ahoz jorratzeko —idatziz egin dute jada, iazko aldian parte hartzekoak ziren autore batzuen saiakera motzak biltzen dituen liburuan: Saiakera hemen hasten da—. Saiakerak ardazten zuen iazko aldia, baina Agirrek aitortu du genero horren pisua «ez dela oso handia» bere obran. Beste genero batzuekin nahastuta agertzen du, halere: «Nobela, memoria, autofikzioa...».

De la Cruzek alde positiboa ikusi dio urtebeteko atzerapenari: «Interesgarria da, ikusiko dugulako nola aldatu diren gure ideiak idatzi genuen horrekin alderatuta». Agirre ez ezik, Eider Rodriguez ere izango du solaskide, eta bakoitzaren idazteko eraren bereizgarritasuna nabarmendu du: «Hibridazioa modu ezberdinean proposatzen dugun hiru autore gara».

Arratsaldean hasiko da

Gaurtik larunbatera bitarte egingo da Gutun Zuria. Aurkezpen «bikoitza» izango du, Perezek azpimarratu duenez. 18:00etan, Saiakera hemen hasten da liburua aurkeztuko dute Perezek berak, Ivan de la Nuez jaialdiko aholkulariak eta Patxi Egiluz Caniche argitaletxeko editoreak. Iazko Gutun Zurian parte hartuko zuten hainbat autoreren saiakerak biltzen ditu lanak.

19:00etan, Anariren eta Iñigo Astizen arteko elkarrizketa musikala hasiko da: Inon izatekotan. Abesti bat konposatzeko prozesuaz arituko da musikaria, eta azalpenok kanta batzuekin lagunduko ditu. Bere kantuetan hitzak duen garrantziari buruz galdetuko dio Astizek, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.