Euskal Herriko gatazkaren aurrean egile nafarrek izan duten jarrera aztertu du Asier Barandiaran EHUko Euskal Filologian doktoreak Gatazka Nafarroako euskal literaturan liburuan. "Egile nafarrak euskal gune kulturalaren periferian daude, gustatu zein ez gustatu", esan du Barandiaranek gaur, "eta periferia geografiko eta kulturalean egoteak perspektiba ematen die. Hala, batzuek gatazka modu kritikoan begiratzeko "jarrera aitzindaria" dutela uste du.
Aingeru Epaltza, Jokin Muñoz, Juanjo Olasagarre, Castillo Suarez, Xabier Silveira edo Jesus Goñik gatazkaren inguruan zer ikuspegi, zer jarrera edo zer iritzi duten aztertzen du berrehun orrialdeko liburuan. Haren esanetan, "atxikimendu liluratu" batetik jarrera "kritiko tinko" batera doan espektroa erakutsi dute egile nafarren lanek.
Azterketa generoka egin du. Lehengoa eleberrigintza da, ondoren poesia du aztergai, eta azkenik bertsolaritzari ekin dio.
EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du Gatazka Nafarroako euskal literaturan, Euskal Literatura Sailaren barruan. Gidor Bilbao EHUko euskara errektoreordearen iritziz, Barandiaranek lana etorkizunerako "ezinbesteko alea izango da noizbait euskal literatura osoa euskaraz azalduko digun lanerako bidean".