Zinema

'Euskal Harriaren ABD-ak'; beldurra, barrea eta bandalokeria

Katihotsak Logia kolektiboak pentsatu eta atondutako eta 26 sortzailek, banakako nahiz talde, ondutako beste horrenbeste film laburrez osatutako filma estreinatuko dute bihar Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema astean, Viktoria Eugenia antzokian

Gaur egin duten aurkezpenaren irudi bat. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
gorka erostarbe leunda
2015eko azaroaren 4a
14:17
Entzun

Duela urte eta erdi jarri zuten martxan egitasmoa Katihotsak Logia kolektiboko kideek. Hasiera batean, Ataun of the Death (2012) eta Joxean's hil eben (2014) fimeei segida ematea, eta hartara, buruan zuten trilogia amaitzea zuten xede, baina proiektuak espero baino neurri handiagoa hartu zien, eta azkenean beste asmo bati ekin zioten. Egitasmo kolektiboa zuten buruan; hainbat sortzaile eta talderi proposatu zieten film labur bat egin zezaten, zenbait premisa zehatz kontuan hartuta: filmak euskaraz eginikoa izan beharko zuen, Euskal Herrian ekoitzia guztiz, eta euskal kulturaren elementuren bati keinu egin beharko zion. Uste baino erantzun zabalagoa izan zuten, eta azkenean, 26 partaide izan ditu egitasmoak. Haietako bakoitzari abezedarioko letra bana eman zioten, zozketa bidez. Bakoitzaren lanaren izenburua letra horrekin hasten da.

Euskal Harriaren ABD-ak lanak 26 film labur biltzen ditu, eta bi ordu pasatxoko iraupena dauka. Orotariko lanak batu dituzte, Mikel Alvarez Katihotsakeko kideak azaldu duenez. "Argazki bat atera nahi genuen euskaraz egiten den bideogintzaren eta ganberrismoa-ren inguruan. Lan amateurrak daude, profesionalak, eta baita kamera bat aurrenekoz hartu dutenak ere". Euskal Herriko zazpi lurraldetako lanak batzea izan dute beste helburuetako bat, eta baita lortu ere. Zinemagintzan modu profesionalean lan egitera ohituak daudenen artean daude Koldo Almandoz eta Jorge Gil, esaterako. Lehenak Ttartaloren bertsio moderno bat egiten du, eta bigarrenak, xinta dantzan oinarrituriko thriller folkloriko bat ondu du, adibidez.  Bi adibide baino ez dira.

Josemi Beltran Beldurrezko Astearen zuzendariak azaldu du proiektuaren berri jakin zutenetik garbi izan zutela jaialdian estreinatzea nahi zutela: "Lehendik ezagutzen dugu Katihotsak taldeko jendea. Gustatzen zaigu egiten dutena. Ez da hain erraza euskarazko lan irreberenteak topatzea, eta film honetan era guztietakoak aurkituko ditugu". Erabat teknologiaren menpe  dagoen gizartetik hasi (Maritalavista taldea), denboran izoztutako Euskal Herri jatorretik igaro (Belegor anaiak),eta landako beldurra (KKinzona Produktions) edota distopia feminista (Chochowsky Ahizpak) landuz.

Euskal Harriaren ABD-ak azaroaren 13an, ostiralarekin, estreinatuko dute Euskal Herriko zapzi lurraldeetako hiriburuetan.

Informazio gehiago:http://euskalharriarenabdak.com/

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.