Euskal Herrian Zuzenean jaialdiaren 16. ekitaldiak 20.000 bisitari erakarri ditu

Giro aldetik ere Heletako ekitaldiaren balorazio biziki baikorra egin dute antolatzaileek

Tiken Jah Fakolyk reggaearen erritmoan dantzan jarri zuen jendetza igandean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Nora Arbelbide Lete.
Heleta
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Akidurak ezin izan zion gaina hartu EHZ jaialdiko antolatzaileen irri zabalari 16. edizioaren balorazioa egitean igande arratsaldean, jaialdiari oraindik zenbait ordu gelditzen zitzaizkiola bururatzeko. Nahiz eta mementoko ez duten denborarik ukan balorazio ekonomikoaren egiteko, jadanik jarriak dira heldu den urteari begira, eta motibatuak agertu dira segitzeko, Elixabet Aizager elkarteko lehendakariak erran duenez.

Hiru egunetan 20.000 bisitari hurbildu dira Heletara (Baxenabarre). 7.000 ostiralean, 6.500 larunbatean eta 6.500 igandean. Jadanik gainditua izan dute zifra hori: duela hiru urte 22.000ra heldu ziren. Heletako lehen urtea izan zen hura, eta Manu Chao aritu zen, hots, urte berezi bat konparaketetan hasteko. Iazkoa ereberezia izan zen, ostiraleko eguna bertan behera utzi baitzuten. 16.000etara heldu ziren orduan. Aurten, aldiz, eguraldia alde izan dute.

Artisten aldetik, franko izan dira eskerrak helarazi dizkietenak, post elektronikoz eta, jaialdiak egin harreragatik, bere filosofia desberdinagatik. Azpimarratzekoa izan daiteke, agian, I AM, Goran Bregovic eta Tiken Jah Fakolyk agertoki nagusitik sortu giro beroaren ondoan, gainerateko espazioetako Z.E.P., Xutik, Circalouest konpainia, Battitta lau ttittaren antzerkia, larunbateko eztabaidak, Gaia sorkuntza edo beste gisa bereko ikusgarriek ere arrakasta lortu dutela. Oro har, zifrak baino gehiago, gune guztietan nagusitu «giro onaz» poztu dira antolatzaileek. Publiko «goxoa» sentitu dute. Eta EHZ xutik atxikitzen duten 700 laguntzaileen aldetik ere, denak ezin hobeki iragan direla adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.